Bero itogarriarekin izan bada ere sanferminetako herri kirol txapelketen balantze ona egin du Herri Kirol Federazioak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 18a, 17:00
Uztailaren 14an jokatu zen txinga eramate txapelketan, emakumezkoetan, Esti Gastearena sunbildarra nagusitu zen. Eskuiniean, Jon Telletxea, Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidentea.

Uztailaren 8tik 14ra Iruñeko Foruen Plazan jokatu dira hainbat herri kirol saio, tartean Nafarroako hainbat txapelketa. Eguerdi eguerdian aritu dira kirolariak eta bai hauen, baita ikustera hurbildu direnen ahalegina eskertu nahi izan ditu Jon Telletxea, Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidenteak.

Bi urteren ondotik, herri kirola berriz ere plazara eramatea nahitaezkoa zela iruditzen zaio Telletxeari, «bestarik gabeko bi urte hauetan zaila izan baita herri kirol saioak eta txapelketak antolatzea».

Herri kirolak egunez egun

Eskualdeko kirolariek lan bikaina egin dute eta txapel uzta polita ekarri dute. Hasteko, uztailaren 8an Nafarroako emakumezkoen aizkora eta emakumezkoen eta gizonezkoen arpana txapelketak jokatu zituzten. Aizkoran Nerea Sorondo beratarrak bortz minutu baino gehiagoko aldea atera zion Maika Ariztegi iturendarrari. Lucia Etxeberria goizuetarra, berriz, bigarren izan zen arpanean, Irune Biurrunekin bikote eginez, Iraizoz ahizpen gibeletik. Gizonezkoen arpana txapelketan, eskualdeko kirolaririk gabe, Barberena anaiak izan ziren txapeldun.

Uztailaren 9an, lasto altxatze txapelketan, Amaiurko Iñigo eta Igor Goienetxe amaiurtarrek parte hartu zuten eta altxaldi bateko aldearekin, Iñigo nagusitu zen (18 altxaldi).

Uztailaren 10ean, gizonezkoen binakako aizkora eta gurdi altxatze txapelketak jokatu zituzten. Gurdiarekin Unai Bertiz sunbildarrak irabazi zuen eta aizkoran Joxean Etxeberria zigatarrak, Eneko Saralegirekin bikote osatuz. Harri altxatzen ez zen eskualdeko kirolaririk izan. Oskar Aguas, Albaro Zugarrondo eta Aitor Oiarbide aritu ziren eta hurrenkera horretan sailkatu ziren.

Kadeteen mailako Nafarroako arpana txapelketa jokatu uztailaren 11n. Lau bikote aritu ziren lehian, eta etzanda jarritako metroko enborrari hamar epai ematen bizkorrenak Julen Urrutia eta Xabat Altzugarai baztandarrak izan ziren.

Uztailaren 12an, San Fermin Lauko Sokatira Torneo Mistoa irabazi zuen Lesakako Beti Gaztek. Amaiur, berriz, hirugarren sailkatu zen, Berriozarren gibeletik.  

Uztailaren 13an, Nafarroako ingude altxatze txapelketan hamabigarren txapela jantzi zuen Maika Ariztegi iturendarrak, 94 altxaldi eginez. Gizonezkoen artean ez zen eskualdeko kirolaririk eta Iosu Marturet nagusitu zen (85 altxaldi).

Hondarreko eguna, uztailaren 14a ere emankorra izan zen eskualdeko kirolarientzat. Nafarroako gizonezkoen txinga eramate txapelketan Dani Saldias arraioztarra erraz gailendu zen, 14 plaza eta 6,34 metro eginez. Jesus Goñi lekaroztarra bigarren izan zen. Emakumezkoetan, Esti Gastearena sunbildarra nagusitu zen (16 plaza eta laurden eta 6,15 metro). Gainera, Nafarroako hirugarren mailako aizkora kanporaketa ere jokatu zen eta Endika Goia beratarra izan zen bizkorrena bi kanaerdikoak mozten (7:40). Abuztuaren 14an Donamarian jokatuko den finalean izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun