Kanpoko taldeak nagusitu dira laxoa txapelketako finalerdietako joaneko partidetan

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 18a, 11:00

Arraioz Sagardia eta Oiz, ligaxkan jokatutako partida batean. Biek galdu egin dute finalerdietako joaneko partidan.

Doneztebe The Moment eta Irurita Migelene taldeek alde polita lortu dute Arraiozen eta Oizen jokatutako partidetan

Asteburu honetan jokatu dira Baztan-Errekako 42. laxoa txapelketako finalerdietako joaneko partiduak. Erran daiteke ezusteko emaitzak izan direla, bai Doneztebe The Moment, bai Irurita Migelenek, garaipenak lortu baitute Arraiozera eta Oizera egindako bisitetan. Beraz, bi taldeak itzuliko partidara joanen dira markagailua eta plaza alde dituztela.

Arraiozen, Arraioz Sagardia eta Doneztebe The Moment taldeen artean jokatu zen partida. Hasiera arras borrokatua izan zen, baina doneztebarrak gogor saiatu ziren eta markagailuan 2 eta 8ko aldea jartzea lortu zuten. Halere, azken esfortzu batean, baztandarrek joko pare bat egin zuten, azken emaitza 4 eta 9 batean utziz. Zaila izan arren, seguru arraioztarrak Doneztebera joanen direla kanporaketa erremontatzeko esperantzarekin.

Oizen, antzeko zerbait gertatu zen Oiz eta Irurita Migeleneren arteko partidan. Partida borrokatua izan zen hasiera batean, 2-3 joan ziren. Baina konturatu gabe, Iruritarrak 2-8 paratu ziren markagailuan. Oiztarrek azken erreakzioa egin zuten, baina beranduegi zen. Hala ere, 5 jokotarat iristea lortu zuten, azken markagailuan 5-9koa ezarriz. Zaila izan arren, oiztarrek badakite zer den Iruritan partida irabaztea, ligaxkan Migeleneri irabazi zioten eta, beraz, seguru kanporaketari buelta emateko intentzioarekin joanen direla itzuliko partidara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun