Kamiseta laranja soinean, dagoeneko ibilbidearen erditsua egina izanen du EuskarAbenturako jzioquitarren espedizioak. Jatorrizko izaera ibiltaria berreskuratuta, uztailaren 1ean hasi zen aurtengo EuskarAbentura, «gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko, gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzeko eta Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzeko». Geroztik 2005ean eta 2006an sortutako 128 gazte edo jzioquitar Euskal Herrian barna dabiltza. Mauletik Getxorako bidea eginen dute 31 etapatan. Bidean 700 kilometro baino gehiago eginen dituzte, eta horietatik 500 oinez.
Hilaren 31ra bitarte Donejakue bideei segituz, Euskal Herriko zazpi hiriburuak eta 35 herri baino gehiago bisitatuko dituzte, baita UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako tokiak edota «Euskal Herriaren historian, ekonomian edota politikan garrantzizkoak diren tokiak ere. Hala nola: Orreagako Kolegiata, AnĚanako Gesaltzak, Arditurriko meazuloak, Zugarramurdiko leizea, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria, Euskal Kostaldeko Geoparkea...».
Lesaka, Zugarramurdi, Amaiur
Larunbatean, Tolosan, gurasoen bisita izanen dute eta igandean, uztailaren 17an, Oiartzundik eguerdi aldera Lesakara ailegatuko dira. Eguna bertan pasatuta, biharamunean, uztailaren 18an, gosaldu eta Lesakatik Zugarramurdira joanen dira. 20 bat kilometroko bidea eginen dute oinez eta bazkaltzeko ailegatuko dira Zugarramurdira. Han leizea ezagutzeko eta sorginkeriaz aritzeko aukera izanen dute. Asteartean, uztailaren 19an, Zugarramurditik Amaiurrera joanen dira. Bertze 20 bat kilometro eginen dituzte oinez, eta arratsaldean, batetik, gazteluaren hondarrak bertatik bertara ikusiko dituzte eta bertzetik, Asisko Urmenetaren bisita izanen dute Amaiurko batailaren 500. urteurrenaz aritzeko. Asteazkeneko etapak Amaiur izanen du abiapuntu eta Baiona helmuga. Bidarraira oinez joan eta handik trenean joanen dira Baionara.
Inoizko espediziorik jendetsuena da aurtengoa eta, 128 gazteen artean eskualdeko hiru daude: Olaia Garbalena Osinaga (Lekaroz, 2006), Unax Ordoki Etxepeteleku (Lesaka, 2005) eta Saioa Lizarreta Insausti (Erratzu, 2006).
«Gainerakoei Baztanen euskaraz bizi garela erakutsi nahi diet»
Olaia GARBALENA OSINAGA, Lekarozko gaztea
«Neska lotsati, mugitu eta nahiko alaitzat» du bere burua Olaia Garbalena Osinagak (Lekaroz, 2006). Lekarozko institutuan 4. DBH akitu berria du, eta heldu den ikasturtean «laborategiko eragiketen erdi mailako zikloa» egiteko asmoa du. Hori baino lehen, ordea, uda berezia izanen du aurtengoa, bera baita EuskarAbenturako gazteetako bat. Dioenez, ikas-bidaian jakin zuen hautatua zela: «Ez nuen espero, esperantza guti nuen. Harrituta gelditu nintzen, baina aldi berean arras kontent».
«Lagun baten bitartez» izan zuen abenturaren berri: «Lagun bat aunitzetan solastatzen zen eta behin zer zen ikustea okurritu zitzaidan». Ikusi orduko erabaki zuen bertze pauso bat ematea: «Aunitz gustatu zitzaidan, eta saiatzea erabaki nuen. Kristoren aukera zela iruditu zitzaidan; batetik, nire adineko neska-mutikoak ezagutzeko, eta bertzetik, Euskal Herriko hainbat toki ezagutzeko eta bertze euskalkiak ikasteko». Hala, «esperientzia bizitzeko ilusioz eta gogoz» mintzo zen abenturaren atarian.
Sormen digitala
Egunotan EuskarAbenturan baldin badabil ez da nahi izan duelako bakarrik izan, Zer ginen, zer gara eta zer izanen gara gaiari buruzko bere lana aukeratu dutelako baizik. «Hasmentan, marrazki bat egitea pentsatu nuen, baina marrazketan arras trebea ez naizenez, sormen digital bat egin nuen». Hiru urte edo alditan banatu zuen lana: «Lehendabiziko urtea Ameriketako biziari buruz aitatxiri egindako elkarrizketaren bideoarekin» osatu zuen. «Bigarren urtean bi lan egin nituen. Bat amatxi eta nire gurasoak ttikiak zirenean eta orain pentsatzen zutena konparatuz, eta bigarrena poema motz bat gaur egungo bizitzaz». Komiki batekin borobildu zuen hirugarrena: «urte batzuen buruan bizitza nolakoa izanen den erakutsiz».
Baztan eta Baztango mintzoa
Hilabeteko egonaldia «esperientzia zoragarria eta ahaztezina» izatea nahi du, eta «35 herriak eta hiriak ilusioz» hartu arren, bereziki Amaiur du begiz joa: «Baztandarra naizenez, ilusio haundia egiten dit bertzeek bizi naizen ingurua ezagutzeak». Baztango mintzoa ikasteko aukera izanen dutela ere gogoratu du: «Baztanen euskaraz bizi garela erakutsi nahi diet».
«Ez nuen itxaropen haundirik bigarren aldiz hautatua izateko»
Unax ORDOKI ETXEPETELEKU, Lesakako gaztea
Joan den urtean egin zuen EuskarAbenturan parte hartzeko lehenbiziko saiakera Toki Ona Institutuko ikaslea den Unax Ordoki Etxepetelekuk (Lesaka, 2005). Saiatu ez ezik, abenturarako aukeratu zuten, baina koronabirusak eragotzi zion bidaia. «Esperientzia berriak bizitzea gustuko duen 17 urteko mutil gazte alaiak eta herrikoiak» aurten izan du iazko arantza kentzeko aukera, bigarrenez aukeratua izan baita EuskarAbenturan eta hala, «Euskal Herriko txokoak eta bertako jendea ezagutzeko gogotsu eta ilusioz» abiatu du abentura.
Bi aukera paratu zizkioten mahai gainean: «lehengo urtean egindako lanarekin berriz izena ematea edo berritik lan bat osatu eta horrekin izena ematea». Lehenbizikoa aukeratu zuen, «benetan adierazi nahi nuen mezua ikus-entzunezko horretan islatua zegoelako eta hainbertze denbora eskaini nion lan horrekin berriz ere hautatua izan nahi nuelako». Aitortu duenez, «ez nuen itxaropen handirik. Iaz hautatu izan nintzenez, ez nuen berriz ere hautatua izateko aukera argi ikusten». Baina lortu du.
«Nire egunerokoarekin bat egiten duen gaia» landu du lesakarrak EuskarAbenturarako, «azalean dagoen arazo bat ikus-entzunezko baten bitartez islatu nahi nuelako: Egungo gizarteak inposatutako estereotipoak gazte ororen helburu nagusi bihurtu direla argi utzi nahi nuen, sareen gehiegizko erabilpenak dakartzan ondorioak azpimarratuz eta nolabaiteko kritika eginez».
Bizitza osorako momentuak
Hilabeteko egonaldian sorterriko geldialdia da «ilusio berezia» egiten diona, bistan da, «nire herria delako». Baina aldi berean «bertze modu berezi batean Lesaka ikusteko aukera» izanen du. Gainera, «ikaragarrizko ilusioa» egiten omen dio «espedizioen parte hartuko duten askok ezezaguna duten herri zoragarri hau ezagutuko dutela pentsatzeak». Hortik harago, EuskarAbenturak «euskaraz mintzatzeko, euskalkiak ezagutzeko, milaka txoko ezagutzeko eta naturaz gozatzeko» atea irekiko diola aipatu du. Bateko eta bertzeko, garbi du «nire hamazazpigarren uda berezia» izanen dela. «Uste dut hilabete honetan biziko ditudan momentuak bizitza osoan gogoan edukiko ditudala».
«Nire bizitzan behin bakarrik biziko dudan esperientzia izanen da»
Saioa LIZARRETA INSAUSTI, Erratzuko gaztea
«Euskal Herria ezagutzeko plan erakargarria» iruditu zitzaiolako eman zuen EuskarAbenturan parte hartzeko izena Saioa Lizarreta Insaustik (Erratzu, 2006). Aitzinetik herrikide bati esker ezaguna zuen abentura, «duela urte batzuk Erratzuko batek EuskarAbenturan parte hartu zuelako». Hala egin zuen jziquiotar izateko saiakera «historia eta istorioak» gustuko dituen 15 urteko gazteak.
Lekarozen DBH 4 egin du ikasturte honetan, eta heldu den ikasturtean institutu berean segituko du Batxilergoa egiteko. Aurtengo eskolak akitu aitzinetik jakin zuzen aukeratua izanen zela, «Aste Sainduan» zehazki. Aitortu duenez, «alde batetik, poztu egin nintzen, baina bertze aldetik, pena eman zidan hilabete bat Baztandik kanpo pasatzeak». Edozein kasutan, segur da hilabete «berezia» izanen dela: «Nire bizitzan behin bakarrik biziko dudan esperientzia izanen dela uste dut».
Antolatzaileek proposatutako gaien artean, Zer ginen, zer gara eta zer izanen gara gaia aukeratu zuen erratzuarrak: «Leitzea eta idaztea gustatzen zaidanez istorio bat idaztea erabaki nuen, eta 1928an Bilbon kokatutako neska gazte batzuei buruzko istorio bat aurkeztu nuen».
Eskualdea bisitatzeko gogotsu
35 herri eta hirien artean, «ez dago ezagutzea ilusio berezia egiten didan lekurik», baina gaineratu duenez, «inoiz egon ez naizen herriak ezagutzeko gogotsu nago». Horrekin batera, «eskualdetik kanpo denbora luzez eginda, ilusioa eginen dit egun batzuk bertan pasatzeak», hau da, Lesaka, Zugarramurdi eta Amaiur aldean ibiltzeak. Bazterrak ezagutzetik harago, EuskarAbenturak «esperientzia berria izateko eta jende berria ezagutzeko» balioko diolakoan dago, «aberasgarria» baita bere hitzetan «hilabete bat euskararen inguruan pasatzea. Aunitz ikasiko dudala iruditzen zait».
Euskara aipatu du eta egunerokoan euskaraz bizi dela dio, «familia eta lagun euskaldunak ditut». Hain zuzen, alde horretatik bere ekarpena egin dezakeela uste du: «Egunerokoan euskaraz bizi ezin diren horiei nirekin euskaraz solastatzeko aukera emanen diet». Eta bueltan gainerako jziquiotarren aldetik «bertzelako errealitateak ezagutzeko aukera» izanen du erratzuarrak.