Julian IPARRAGIRRE

«Suerteko sentitzen naiz oso bizimodu polita izan dudalako»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 16a, 08:00

Julian IPARRAGIRRE LUKANBIO, pilotako esatari ohia

20 urtez Euskadi Irratiko pilotako aditua izan denak esatari lana utzi du. Baina pilota tarteko hori baino gehiago izan da. Besteak beste, pilotari afizionatua eta 16 urtez Leitzako pilota eskolako irakaslea 

Kontentu sumatu dugu Julian Iparragirre Lukanbio (Arantza, 1949). «Suerteko» sentitzen da «gustuko bizia» egin duelako eta orain ere sasoiko dagoenez, ez du atsegin duena egiteko eragozpenik. Haurtzaroko oroitzapen «politak» ditu, mutiko kozkorra zela Arantzako Bordalarrea auzoan edo frontoian emandako orduak bihotzean ditu. Lana tarteko Leitzara joan zen eta hantxe osatu zuen habia, eta han ere pozik. Arantzan zein Leitzan, hainbeste maite duen afizioari kontu dio beti: Pilota. Ate asko ireki dizkion afizioa izan da, gainera. Urte askotan afizionatuetan ibili zen, baita Nafarroako binakako txapela jantzi ere; Leitzako pilota eskolan hamasei urtez izan zen irakasle, eta hogei urte egin ditu Euskadi Irratian pilotako aditu. Oinatz Bengoetxearen debuta tarteko hasi zen esatari, eta bueltan-bueltan orain arte Iparragirreren eskuetan izan den mikrofonoa Bengoetxearen eskuetara pasatuko da urrian.

Borda baserrian jaioa, bederatzi senidetan laugarrena zara. Nolako haurtzaroa duzu gogoan? 
Polita. Bizia ez da erraza izaten horrenbeste senide diren familian. Hainbeste ume baserri koxkor batean, handik bizia atera behar... Gurasoek meritu ikaragarria dute. Baserrian jatekoa bagenuen, eta goserik ez genuen pasatu. Orain ikusten hasita gogorra zela esanen du baten batek, baina garai hartan hola zen. Nik suerte ikaragarria izan nuen auzoan bertan, aitaren sortetxean, asko egoten nintzelako. Hiru ume bakarrik zituzten, ni baino gazteagoak, eta hango oroitzapen oso-oso onak ditut. Izeba Loreto niretzat bigarren ama izan da. Ume garaiko oroitzapen oso politak ditut, etxetik hasi eta osaba-izebekin eta lehengusuekin.

18 urterekin Leitzako fabrikara... 
Bai, ordurako bi anaia Leitzara etorriak ziren. Paper fabrikan jendea behar zuten eta ni ere etorri nintzen. Fabrikak kanpotik etorritakoentzat jatekoa eta lo egiteko tokia jarri zituen. Aste guzia hemen pasatzen genuen, eta asteburuetan Arantzara joaten ginen. 18 urterekin hasi eta 60 urtera arte aritu nintzen fabrikan, eta oso gustura.

Aldaketa handia izan zen? 
Ez. Baserriko semea naiz, baina baserriko lana ez zitzaidan sobera gustatzen. Egurra txikitzea eta holako lanetan aritzea bai,  baina gainerakoa... Erraz egin nintzen fabrikako lanera. Suerteko pertsona izan naiz.

«Eskolarako gogo gutxi izaten nuen, eta eskolara pilotan aritzeagatik joaten nintzen»

Baina beti pilotaren bueltan... 
Bai, horri beti kontu diot. Ttiki-ttikitatik afizio haundia izan dut. Askotan esan dut eta ez dut gezurrik esaten: eskolarako gogo gutxi izaten nuen, eta eskolara pilotan aritzeagatik joaten nintzen. Afizio izugarria nuen. Senide asko gara, zortzi anaia eta arreba, eta besteek ere badute afizioa, baina nik ez dakit nondik, pilotarako afizio ikaragarriarekin atera nintzen. Aurrenean Arantzako gorapean, eta gero frontoia egin zutenean frontoian, ordu pila pasatzen genituen. Eta Leitzara etorri nintzenean, fabrikan zortzi ordu egin eta denbora libre gehiago izaten nuen pilotan ibiltzeko, pilotak erosteko dirua ere bai... 

Afizionatuetan ibili zinen... 
Oso berandu hasi nintzen. Leitzan eta Lekunberrin txapelketa batzuk egiten zituzten, eta hor apuntatu nintzen. Lekunberriko Guillermo Mazok zerbait ikusiko zidan, eta federazioko fitxa egin zidan. Asko lagundu zidan. 40 urtera arte afizionatuetan ibili nintzen. Fabrikan zortzi ordu egin, entrenatu, udan partida asko jokatu...Garai hartan txapelketa gehiago izaten ziren. Oso bizimodu polita izan dut, nire gustuko bizia egin dut. 

«Oso bizimodu polita izan dut, nire gustuko bizia egin dut»

Leitzako pilota eskolan hamasei urtez irakasle ere ibili zinen... 
Pilota utzi baino lehenago Leitzako pilota eskolan sartu nintzen. Ordurako Aurrera elkarteak asteburuetan gazte batzuk ibiltzen zituen, baina hiru gurasok pilota eskola sortzea pentsatu genuen, eta astean bi egunetan entrenatzen hasi ginen. Batek lanagatik berehalaxe utzi behar izan zuen, baina beste biek astero txandaka entrenatzen segitu genuen. Azken lau urteetan frontoiko lana neronek bakarrik egin nuen. Entrenamenduez ni arduratu nintzen eta beste lagunak federazioko bilerak, txapelketako bikoteak apuntatu... beste lan asko egin zituen. Oso gustura ibili nintzen, talde oso ona tokatu izanen zitzaidan niri hainbeste urtez aguantatzeko. Oso-oso esperientzia polita izan zen. Utzi behar genuenean, Aurrerak omenaldia egin zigun. Plaka bana eman zigun, eta oso polita izan zen. Baina omenaldirik politena gazteekin izan dudan harreman ona izan da. Nirekin pilota eskolan ibilitako gazteak gaur egun asko eta asko guraso dira eta batzuk pilota eskolan dabiltza, eta hainbesteren artean inor ez zait agurtu gabe geldituko. Niretzat hori da politena. Ez dakit zenbat erakutsiko nien, baina haiekin asko ikasi nuen. Oso argiak dira. 10-12 urtekoek ez dute gezurrik esaten, gauzak zuzenean esaten dituzte, eta askotan hobe izaten da zu zeu zer egiten ari zaren ohartzeko. 

Leitzako pilota eskolatik goi mailako pilotariak atera dira... 
Garai batean baziren batzuk: Iñaki semea, Aitor Bengoetxea, Ibai Bengoetxea, Abel Barriola, Oinatz Bengoetxea, Jon Jaunarena... Oso harro nago. Baina Abel edo Oinatz bezalako izarrei gutxi erakusten diezu. Beste askorekin askoz ere lan gehiago egiten duzu, baina horiek tartean izatea pilota eskolarentzat oso ona izan da. Semeak edo Bengoetxea lehengusuek  ere profesionaletan jokatu zuten denbora gutxian. Baina ez da profesionaletan jokatzea bakarrik. Afizionatuetan aritzea edo zure lanaren fruitua ikustea bera ederra da. Bestalde, beste bi edo hiru mutikorekin beti izan dut 'Horiek pilotari behar zuten' sentsazioa. Nire baitan esan izan dut horiekin ez nuela asmatu, baina tira, ez diet behin ere esan. Ez da erraza hainbeste urtetan horrenbeste orduz aritzea, baina gustura egiten duzunean... Hortik aparte ordu asko pasatzen nituen kanpoan, entrenamenduak zirela edo asteburuetako partidak zirela. Hori dena ongi joateko izugarri baloratzen dut familia. Andrearen eta seme-alaben babesik gabe ezinezkoa izanen litzateke.  

Iparragirre Oinatz Bengoetxea eta Abel Barriolarekin, 2008ko buruz buruko finalaren atarian. Pilota eskolan ikasle izan zituen biak.

Leitzak lotura berezia du pilotarekin? 
Bolada kontua dela esanen nuke. Aipatu ditugun pilotari horiek baino lehenago, hor ziren Juan Mari Bengoetxea eta Miel Bengoetxea, gero erremontera pasatu zen Miel Zestau... Orduan ere baziren pilotari onak. Gaur egun pilota eskolatik pilotariak aterako diren? Leitzako pilota eskolako gurasoak lan handia egiten ari dira eta horrek poz ikaragarria ematen dit. Eta pilotarien artean, izenik ez dut esanen, baina badira zortzi-hamar bat oso politak.  Pilotan ez bada beste kirolen batean segi dezatela, Leitzan horretarako aukera badago eta. Ni garai batekoa naiz, eta estudioak aurrena izanen dira, baina hortik aparte, haurrentzako eta gazteentzako oso beharrezkoa ikusten dut kirola. Pilota eskolan ibiltzen ziren haurrek pilota uzten zutenean, beti horixe esaten nien, pilotan ez bazen kirolean segitzeko. 

Leitzan izen handiko neskak ere badira pilotan: Agirre, Zabaleta... 
Bai, oso ongi ari dira. Iera Agirre nirekin ibilia da, eta akordatzen naiz Iera, Naiara Astibia eta Saioa Urkiola leitzarrak eta Irati Arozena goizuetarra nola etorri ziren. Denboraldi dezente ibili ziren nirekin, eta mutikoekin bezala saiatu nintzen. Garai hartan neska gutxi izaten ziren, baina urte batean Umeen Eguneko partida batean lau neska jartzea erabaki nuen. Oso-oso polita izan zen. Epaile aritu nintzen eta oraindik neska horiekin ateratako argazkia etxeko egongelan dut. Guraso eta mutiko batzuen aldetik kritikak ere izan nituen lau neska jarri nituelako pilotan, eta pixka bat ukitu ninduten, baina ez nintzen horiei begira gelditu. Intentzio on guziarekin egin nuen, eta neska horiek ikaragarri estimatu zidaten. 

Ezkerretik hasita Iera Agirre, Goretti Calderon, Julian Iparragirre, Naiara Astibia eta Saioa Iraola. Leitzako pestetako Umeen Eguneko partida batean.

Pilotarekin izan duzun loturak Euskadi Irratiko atea ere ireki zizun... 
Pilota eskola utzi berria nuen, eta Oinatz Bengoetxeak debutatu behar zuenean, Euskadi Irratiko Iñaki Elortzak Oinatzekin pilota eskolan ibilitako norbait joateko eskatu zien Aurrera elkartekoei. Ordurako beste guraso batzuk sartuak ziren pilota eskolan, baina 'Hi ibili haiz Oinatzekin gehiena eta hik joan beharko duk' esan zidaten. Hala joan ginen Leitzako beste bat eta ni Labritera Oinatzen debut egunean. Partida eman eta kafe bat hartzera joan ginenean, Iñaki Elortzak jaialdiko bigarren partida bien artean eman behar genuela esan zidan. Hala egin genuen. Partida bukatuta 'Nirekin hasi behar duk' esan zidan. Ordura arte Julian Retegi ibiltzen zen berarekin, baina Josetxo Lizartzarekin Telecincon ibiltzen zen Ogeta gaizkitu zenean Telecincora joan zen Retegi. Euskadi Irratian bat behar zuten. 'Nola hasiko nauk hirekin?' galdetu nion eta bi hilabeteko proba eginen genuela esan zidan. Bi hilabete horietan Euskadi Irratia nirekin gustura ez bazen etxera joanen nintzela esan zidan eta ni ez banengoen gustura ni joanen nintzela. Bi hilabeteko probarekin hasi eta 20 urte pasatu dira. Asteburu batzuetan lan egiten nuen fabrikan, baina lankideak oso onak nituen eta ez nuen arazorik izan. Pentsatu beharko dut zerbait ongi egin izanen nuela, gainerakoan bidaliko zidaten.

«Bi hilabeteko probarekin hasi eta 20 urte pasatu ditut irratian»

Gustura ibili zara? 
Bai, oso gustura. Batzuek uste dute urte osoan ibiltzen nintzela, baina hiru txapelketetan aritzen nintzen: lau t'erdikoan, binakakoan eta buruz burukoan. Sei-zazpi hilabete izaten ziren. Udan txapelketa bereziren batzuetara ere joaten nintzen, Sanferminetako Torneoko finalera, Donostiako txapelketako finalera... Baina gainerakoan uda nahiko libre izaten nuen. Eta zer esanen dut kiroletako jendeaz. Lantalde izugarria da. Iñaki Elortzarekin 17 urte egin nituen, eta berak utzi zuenean ere lankide oso onak izan nituen. Kepa Iribarrekin ibili naiz gehiena, Jon Altuna... Kiroletako jendea familia zoragarria da, giro ederra dute eta horko kide izatea ohore haundia izan da. 

Jendeak ikusten ez duen zerbait hitzez esplikatzea zaila da? 
Saiatu naiz eta ez zait gogorra egin. Irratian ez dituzu detaile guziak eman behar. Entzuleak erraz entenditzeko moduan esan behar duzu. Normalean, batek tantoa nola jokatzen zuten kontatu eta nik bukaera nola izan zen esplikatzen nuen, eta nahiko ongi eraman dut. Lehenbizian, esperientzia hartu arte, arazo gehiago izan nituen, baina berehala jarri nintzen, eta ustez, erraz egin dut.

20 urteotan pilota asko aldatu da? 
Bai, aldatu da. Batzuek esanen dute garai bateko pilotariak hobeak zirela eta besteek oraingoak hobeak direla. Lehenago hoberenak zirenak gaur egun ere oso ongi moldatuko ziren, eta gaurko hoberenak garai batekoekin ez ziren atzean geldituko. Hori bai, materiala diferentea da. Urteotan batik bat pilotak aldatu dira. Garai batean, orain bezala, pilota biziak ziren, baina oraingo pilotek abiadura handiagoa dute, azpitik ibiltzen dira, eta hori da jokoari bizitasuna ematen diona, eta telebistaz ikusten ari denarentzat joko bizi hori politagoa da.   

20 urteotan pilotariekin, enpresako jendearekin... Nolako harremana izan duzu? 
Batik bat pilotariekin tratu izugarria izan dut. Akaso ez dakidalako bazterrean egoten eta saltsero samarra naizelako, baina beti gustatu izan zait pilotariekin egotea. Irratiko lana hasi aurretik askotan aritzen nintzen haiekin hizketan, baita intendenteekin ere: Jon Apezetxea, Jokin Etxaniz, Jose Angel Balanza Gorostiza, Pablo Berasaluze... Fenomenoak dira. Askotan behartzen nintzen haietaz pilotari bat elkarrizketatzeko. Pilotarientzat ez dira beti momentu errazak izaten. Ongi jokatu eta erraz irabazitakoan edozein pilotari prest izaten da elkarrizketa egiteko. Baina irratiak bere orduak bete behar ditu, eta mikrofonoetara pilotariak edo enpresakoak eraman behar dituzu. Konfiantza eman didate eta ongi etorri zaizkidan gauza franko esan ere bai. 

«Ezin duzu pentsatzen duzun guzia esan»

Baina mikrofonoa aurrean ezin dena esan, ez? 
Hala da. Primizia asko ezin esan, eta beste kontu asko ere ez. Irratiak hori du, edo nik egin dudan lanean batzuetan ezin duzu pentsatzen duzun guzia esan. Kontuz hitz egin behar duzu. Hasi berritan, dena botatzen nuen, eta dena ezin da. Bota behar duzuna kontuz egin behar duzu, gainerakoan frontoitik atera eta etxera ailegatzerako mezuak izanen dituzu. Hasieran nire gorabeherak izan nituen, baina gerora esker onak gehiago izan ditut, bai pilotarien aldetik, baita pilotarien gurasoen edo senitartekoen aldetik ere. Txapeldun edo partida ona jokatzen duen batengatik hitz egitea oso erraza da, baina pilotari batek egun txarra duenean... Beti esan izan dut gaizki jokatzen duenean gehien sufritzen duena pilotaria bera dela, ni behinik behin hala nintzen. Hortaz, kontu handia izan behar da zer eta nola esaten duzun. Batzuetan hitz egokiak bilatuko nituen, besteetan ez... baina esker ona gehiago hartu dut. 

Momentu ez hain politen testigu ere izan zara. Pandemia, adibidez. 
Pandemia oso gogorra izan zen. Frontoietara joan, lau pilotari kantxan eta intendente bat beraiekin, ikuslerik gabe... Nik fuerte samar hitz egiten dut, eta batzuetan pilotariek zer esaten nuen aditzen zidaten eta gaizki pasatu nuen. Uste dut irratia uzteko erabakia hortik etorri zela. Momentu hartan ez nuen utzi. Pilota asko ematen zen eta ez zitzaidan bidezkoa iruditu. Baina honaino ailegatu nintzela eta urte bukaeran uztea erabaki nuen. Gero, txapelketa bukatu arte segitzeko eskatu zidatelako beste bost hilabetez segitu nuen. Guretzat pandemia gogorra izan bazen, enpresarentzat eta pilotarientzat askoz ere okerragoa. Askotan esaten da bi enpresek nahi dutena egiten dutela, eta batzuetan nahi dutena eginen dute, baina beste askotan ahal dutena. Orain, pandemia pasatuta, pixkanaka gora doa pilota, baina kosta egiten da jendea biltzea. Buruz buruko finalean frontoian 3.000 lagun biltzea oso-oso polita izan zen, eta lau t'erdikoan eta binakakoan ere betetzen dira frontoiak, baina pilota urte guzian izaten da, eta tristea da jende gutxi ikustea. Beharrik euskal telebistari. Euskal telebistak pilota nahitaez behar du, audientzia ona duelako, baina pilotak edo enpresek ere euskal telebista behar dute. 

«Euskal telebistak pilota nahitaez behar du, audientzia ona duelako, baina pilotak ere euskal telebista behar du»

Pilotarien greba ere bertatik bertara ikusi zenuen... 
Hori ere oso gogorra izan zen. Enpresak gauzak oso gaizki egin zituen. Laso, Mariezkurrena, Victor... Horrelako pilotariekin adostasun batera ez ailegatzea oso lotsagarria izan zen. Ez dakit zein eskaintza izanen zuten, eta ez da nire egitekoa, baina horrelako pilotariak kanpoan uztea... Pilotari horiek egin duten lana ikaragarria izan da, sekula baino hobeki prestatu dira, eta emaitzak hor daude. Laso txapeldun atera ez bazen ere, meritu ikaragarria izanen luke, horrenbeste hilabetez kanpoan egon ondoren, ikaragarrizko maila ematen ari delako. Eta Mariezkurrenak ere lan bera egin du, binaka gora doan pilotaria da, eta Victor zer esanik ez... Egin duten lana eskertu beharra dago. Nik uste dut enpresari zer pentsatua eman izanen diola. Bi enpresetako pilotariek Pilotarien Elkartea sortu dute eta oso beharrezkoa iruditzen zait. Espero dut pilotariak kanpoan gelditu aurretik hobekiago moldatzea.  

Laso eta Ezkurdiaren arteko finala izan zen irratiko zure azken saioa. Nolako eguna izan zen? 
Oso egun berezia. Partida aurretik frontoira sartzerakoan euskal telebista agertu zen, eta polita izan zen frontoiaren kanpoan Goizuetako osaba Patxirekin eta Antton bere lagunarekin topo egitea. Haiek seguru bazekitela telebista han izanen zela, baina ni ezustean harrapatu ninduten. Bukatutakoan beste grabazio bat egin zidaten, nik uste lotsatu eta guzi egin nintzela, ez nuelako horrenbeste merezi. Jaialdia bukatutakoan jende asko agurtzeko esperoan egon zen, 'Julian, suerte izan', 'Segitzen ahal huen'... esanez. Txetxu Urbietak pilotarien kristoren audioak bildu zituen... Inondik inora ez nuen espero horrelakorik. 

Geroztik asteburuetako martxa aldatu zaizu? 
Bai, lasaiago nabil. Lehenago, bai larunbatetan bai igandetan, bazkaldu eta martxa egiten nuen. Estitxu alaba eta bikotekidea ondoan bizi dira, baina Iñaki semea familiarekin kanpoan, eta askotan ostiraletan joaten ginen beraiengana nik asteburuetan frontoietan ibili behar nuelako. Orain asteburuetan familiarekin gehiago ibiliko naiz. Askok esan didate orain disfrutatzeko. Orain arte ere asko disfrutatu dut frontoian, eta orain beste modu batera eginen dut, familiarekin gehiago. 

Eskerrak nori emanen zenizkioke? 
Hasteko, irratiko lantaldeari, jende zoragarria ezagutu dut. Ez dakit zenbat ikasi dudan, baina asko erakutsi didate. Euskal telebistari ere bai; Euskadi Irratiko Arantxa Arzari eta zuei Leitzara elkarrizketa egitera propio etortzeagatik; Leitzako eta Arantzako jendeari ere bai, ez nuen espero halako harrera eta oso eskertua nago. Bordalarreko auzotarrak ere aipatu nahi nituzke, baita Arantzako lehengusuak ere, eta bereziki Luziari eskerrik asko. Eta noski, familia. Beti esan izan dut bizi honetan aurrena osasuna dela eta gero familia, eta suerte ikaragarria izan dut familiarekin. Andrea, seme-alabak eta haien bikotekideak, bi biloba zoragarri... Ni bakarra gauza pixka naiz ingurukoen laguntzarik gabe.

 

Julian Iparragirrerekin kontu kontari

Pilotari bat? 
Zaila da aukeratzea. Niretzat izar haundienetariko bat Julian Retegi izan zen, pilotari ona eta buruz listoena. Gaur egun dagoen mailarekin beharbada ez zituen hainbeste txapel izanen, baina gaur egun ere oso ona izanen zen. Eta gero, Beloki, Eugi, Aimar, Irujo... Irujok pilotan aldaketa ekarri zuen. Ordura arte ia-ia botera jokatzen zen eta bere aireko joko azkarrarekin aldaketa ekarri zuen. Aimarrengatik zer esan, fenomeno bat. Oso pilotari ona zen, eta enpresan ere lana oso ongi eginen duela iruditzen zait. Gaur egungo atzelari bat esan beharko banu, Joxe Jabier Zabaleta aukeratuko nuke, elegantea delako. Altuna ere hor dugu 25 urterekin horrenbeste txapelekin,  Laso ere atera zaigu...

Pilotari jaio edo egin egiten da?
Pilotari izarrak jaio egiten dira. Beste batzuek, lan asko eginez,  maila ona har dezakete. 

Frontoi bat? 
Labrit. Beharbada partidarik gehienak hor eman ditut, jendetza biltzen da, jokatzeko plaza polita da...

Telebista edo irratia? 
Kotxean kilometro asko egindakoa naiz, eta askoz ere ordu gehiago pasatu ditut irratia aditzen telebista ikusten baino. Irratia aukeratuko dut.

Zein dira zure afizioak? 
Pilota eta mendia. Oraindik ongi nago eta ez dut ibiltzeko minik. Tarteka, Plazaolan, bizikletan ere gustura ibiltzen naiz. 

Mendi bat? 
Mendaur. Garai batean eta orain ere askotan joaten naiz. Txindokira ere asko joaten naiz, eta egun-pasa Aizkorrira ere bai. Pilotari onak asko dira, eta mendi politak ere asko. Suerte ikaragarria dugu kotxea hartu eta etxetik ordu erdi edo ordu batera mendirik politenak ditugulako. Itsasoa ere ordu erdira dugu. Pribilegiatuak gara bizi garen tokian bizi garelako. 

Leitzako txokorik gustukoena? 
Eguzkizko muinoa. Horixe da gehien joaten naizen kaxkoa, oso kaxko polita da. Garai batean ordu batez igotzen nintzen, eta orain pixka bat gehiago behar dut. Horrek esan nahi du zahartzen ari naizela, baina oso gustura joaten naiz. 

Eta Arantza aldekoa? 
Bulatsegi polita da, eta gehixeago ibiltzeko Mendaur, gure baserritik hurbil dago. Ekaitza aldea ere gustatzen zait. Arantzak mendi ederrak ditu, eta Mendaurtik Ekaitzara, handik bueltan herrira joan eta herrian bazkaltzea plan ederra da. Arantzagatik zer esanen dut... Urte asko daramatzat Leitzan, baina berez aranztarra naiz, 18 urtera arte Arantzan oso pozik bizitutakoa. Oso eskertua nago herritarrekin, eta batez ere, Bordalarreko auzotarrekin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun