‘Oihanean sentitu’ bisita gidatuak eskainiko ditu Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak

Ameliren eskutik bisita gidatuak eskainiko dituzte, ipuinekin eta zuzeneko musikarekin. Argazkia: Iñaki Atxa

Ipuin kontalariarekin eta zuzeneko musikarekin eginen dituzte bisitak, abuztuan eta irailean

Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak, zuzeneko ipuin kontalari eta musikarekin antolatutako ‘Oihanean sentitu’ bisita gidatuak antolatu ditu abuztu eta irailerako.

Iaz "Oihanean sentitu" liburuxka argitaratu zuen Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak, 13 ibilbide biltzen dituena, bakoitzak bere wikilook trackarekin. Ibilbide bakoitza osatzeko, ilustrazio bat eta inguruari lotutako ipuin bat daude, herrian kontatzen den eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den istorio bat, elezahar bat, anekdota bat...

Aurten, urrats bat gehiago eman nahi dute eta bisita gidatu bat eskaini nahi dute aipatutako ibilbideetatik, ipuin kontalariekin eta zuzeneko musikarekin: «Ameliren eskutik oihanean murgilduko gara baso-bainua hartzeko eta bizitzaz betetzeko».

Bisitak Baztan-Bidasoaldeko hainbat lekutan eginen dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz. Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak antolatutako ekimena da. Bertan parte hartzen dute Iturengo Tresanea Apartamentuak eta Beintza-Labaiengo Orbela Aterpetxeak, eta, horiez gain, Donamaria, Bera, Igantzi, Zugarramurdi eta Baztango udalek. Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du.

Bisiten egutegia

  • Abuztuak 3, asteazkena, Beintza- Labaien
  • Abuztuak 4, ortzeguna, Donamaria (Ibilbide irisgarria)
  • Abuztuak 10, asteazkena, Lekaroz
  • Abuztuak 11, ortzeguna, Berroeta
  • Abuztuak 24, asteazkena, Bera
  • Abuztuak 25, ortzeguna, Ituren
  • Irailak 3, larunbata, Igantzi
  • Irailak 10, larunbata, Zugarramurdi
  • Irailak 17, larunbata, Donamaria (Ibilbide irisgarria)

Ordutegiak eta izen-emateak:

  • Bisitak euskaraz: 15:00etan (gutxienez 10 pertsona/gehienez 25 pertsona)
  • Bisitak erdaraz: 17:00etan (gutxienez 10 lagun/gehienez 25 pertsona)
  • Prezioa: helduak 8 euro/ haurrak 4 euro
  • Izena emateko eta informazio gehiagorako: 948 59 23 23 (09: 00-14: 00)
  • Abuztuan izen-emateak bisitaren eguneko 11:00 arte egin ahal izanen dira.
  • Irailean izen-emateak bisitaren aitzineko ortziraleko 14:00 arte egin ahal izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun