Dani Saldias arraioztarra eta Esti Gastearena sunbildarra txinga eramaten Nafarroako txapeldun

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 15a, 08:00

Iruñeko sanferminetako azken herri kirol saioan, hirugarren mailako finalerako txartela lehen postuan lortu zuen Endika Goia beratarrak 

Iruñeko Foruen plaza sanferminetako azken herri kirol saioko lekuko izan zen atzo eguerdian eta eskualdeko kirolariak bikain ibili ziren. Txinga eramaten, Dani Saldias arraioztarra eta Esti Gastearena sunbildarra erraz nagusitu ziren eta Jesus Goñi lekaroztarra bigarren izan zen. Nafarroako hirugarren mailako aizkora kanporaketan, berriz, Donamarian abuztuaren 14an jokatuko den finalerako txartela lortu zuen Endika Goia beratarrak, lehen postuan gainera. Julen Urrutia arraioztarra eta Beintza-Labaiengo Jacinto Etxekonanea, aldiz, kanpoan gelditu ziren.

Nafarroako txinga eramate txapelketan Saldias eta Gastearena nagusi

Nafarroako gizonezkoen txinga eramate txapelketan jaun eta jabe izan zen Dani Saldias arraioztarra, ondotik sailkatu ziren bortz kirolarien lana bikoiztu baitzuen. Saldiasek 14 plazara eta 3,4 metro egin zituen 50 kiloko txingak esku banatan zituela. Bigarren posturako lehia estuan Jesus Goñi lekaroztarra gailendu zen eta 6 plaza, hiru laurden eta 3,83 metro egin zituen. Berriozarko Imanok Martinek osatu zuen  podiuma, 6 plaza eta erdi eta 4,25 metro eginez. Antsoaingo Iosu Marturet laugarren izan zen (6 plaza eta laurden eta 3,25 metro), Berriozarko Oskar Aguas bosgarren (5 plaza eta laurden eta 3,48 metro) eta Beteluko Josu Elizalde seigarren (4 plaza)

Nafarroako emakumezkoen txinga txapelketan ere nabarmen gailendu zen Sunbillan bizi den Esti Gastearena. 25 kiloko txingekin 16 plaza eta laurden eta 6,15 metro egin zituen. Iranzu Fierro (8 plaza eta 3,20 metro) eta Aurkene Aroca (8 plaza) berriozartarrak bigarren eta hirugarren izan ziren,

 

Endika Goia bizkorrena hirugarren mailako aizkora kanporaketan

Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa ere jokatu zuten Iruñean atzo eguerdian, abuztuaren 14an Donamarian jokatuko den finalerako bortz txartelen bila. Bi kanaerdiko moztu behar zituzten aizkolariek eta Berako Endika  Goia izan zen bizkorrena (7:40). Ondotik, finalerako txartela lortu zuten Itsasuko Patxi Igoak (8:07), Etxarri Aranatzeko Aritz Oiarbidek (8:09), Baionako Ibai Telletxeak (8:34) eta Urdiaingo Amets Aristizabalek (9:46). Finalean sartzeko 16 segundora, seigarren izan zen Arraiozko Julen Urrutia (10:02), zazpigarren Anozko Eneko Pagola (10:47), zortzigarren Beintza-Labaiengo Jacinto Etxekonanea (10:48) eta bederatzigarren Berriozarko Iker Goldarazena (15:44).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun