‘Bertatik bertara’ kanpaina abiatu dute uda honetan ere UEMAk eta udalek, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 14a, 18:00

UEMAren 'Bertatik bertara' kanpainan erabilgarri diren zenbait euskarri.

Hirugarren aldiz, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina hasi dute uda honetan ere udalerri euskaldunetan. Horretarako hainbat baliabide eskainiko dituzte UEMAk eta bertako kide diren dozenaka udalek, eta 250.000 mahai-gaineko inguru banatu dituzte ostalarien artean. Hainbat garapen agentziak ere eginen dute bat kanpainarekin, iaz bezala. Ekainaren 21etik irailaren erdialdera izanen da kanpaina.

Bertatik Bertara kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute aurten ere UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin, ekimenean parte hartzen duten udalekin eta garapen agentziekin batera.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aitzinera erabilgarri dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako iragarkiak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, bertzeak bertze.

Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbertzeko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, «askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela».

Hori guztia gogorarazteko eta kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei helarazi zaie ekimenaren berri. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen duen herrietan, posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan. 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, udalak arduratu dira informazio orriak banatzeaz. Azkenik, merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez duen herrietan, informazio orria PDF formatuan jaso dute udalek, egokien ikusten duten moduan zabaltzeko zerbitzu sektorean zein udalen webguneetan eta sare sozialetan.

Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarri-oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin. Gazteleraz, katalanez, frantsesez, ingelesez, alemanez eta galizieraz dago hiztegia.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun