II. Plazaz-Plaza txapelketa antolatu du Ados Pilota elkarteak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 14a, 12:00
Etxauriko plazan egin dute Plazaz Plaza txapelketaren bigarren edizioko aurkezpena.

Hamasei pilotari lehiatuko dira udan, bikoteak aldatuz eta eskualdean, Leitzan, Areson eta Zubietan jardunaldi bana jokatuko dute

Urte guztian hainbat txapelketa antolatu ondotik (Plazaz-Plaza, Elkano Saria, Eusko Label binakako txapelketa, Malerrekako erronka, San Fermin torneoa) berriz ere Plazaz-Plazako bigarren edizioa aurkeztu du Ados pilota elkarteak Etxauriko plaza ederrean. Bertan txapelketako protagonistak, pilotariak, Idoia Aritzala Etxauriko alkatea eta babesleen ordezkariak izan ziren.

Aurtengo txapelketa guztiz berritzailea izanen da. Maila handiko hamasei pilotarik hartuko dute parte. Eusko Label txapelketako promozio mailako finalistek ere lehen mailako pilotariekin jokatzeko aukera izanen dute. Ez da bikote finkorik egonen. Pilotariek bi taldetan banatuta jokatuko dute eta talde bakoitzean aurrelari nahiz atzelari guztiek elkarrekin nahasita jokatuko dute. Aurrelari moduan Andrea Aldaregia, Irantzu Etxebeste Iantzi beratarra, Goiuri Zabaleta leitzarra, Maddalen Etxegarai, Eneritz Arrieta, Ainhoa Ruiz de Infante, Maddi Barrokal eta Naroa Elizalde Etxekolonea zubietarra ariko dira eta, atzelari moduan, Oihana Orbegozo, Olatz Ruiz de Larramendi, Irati Zabala, Iera Agirre Iturriaga, Maite Ruiz de Larramendi Mujika, Ane Mendiburu, Naroa Agirre eta Uxue Oses. Pilotari bakoitzak ligaxkako lau partidu jokatuko ditu, puntuazioa indibiduala izanen da eta talde bakoitzetik puntu gehien dituzten lehen bi aurrelari eta atzelariak sailkatuko dira finalerdietara. 

Igande honetan hasiko da Eskuernagan (Araba) Iraila bitarte iraunen duen txapelketa, Hamasei ligaxkako partidu (Gares, Otxandio, Mendaro, Mendigorria, Latasa, Leitza, Lantziego, Areso, Zieko, Zubieta, Biurrun, Etxaleku, Obanos, Tirapu, Irurtzun) bi finalerdi (Oñati, Dulantzi) eta Etxaurin jokatuko den final handia Irailaren 24an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun