Nafarroako txinga txapelketekin eta hirugarren mailako aizkora kanporaketarekin bukatuko dira gaur sanferminetako herri kirola saioak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 13a, 11:00
Dani Saldias arraioztarra lanean txingekin, 2019ko sanferminetan. Nafarroako txapela lehen aldiz orduan irabazi zuen.

Iruñeko sanferminak azken txanpara hurbiltzen ari dira eta bestekin batera, uztailaren 8tik hasita eguerdiro Foruen plazan jokatu diren herri kirol txapelketa eta erakustaldiak ere bukatuko dira uztailaren 14an. Bihar, Nafarroako hirugarren mailako aizkora kanporaketa eta emakumezkoen nahiz gizonezkoen txinga eramate txapelketak jokatuko dituzte.

Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko dute bibar eguerdian. Aritz Oiarbide (Etxarri Aranatz), Endika Goia (Bera), Jacinto Etxekonanea (Beintza Labaien), Ibai Telletxea (Baiona), Patxi Igoa (Itsasu), Amets Aristizabal (Urdiain), Julen Urrutia (Arraioz), Iker Goldarazena (Berriozar), Eneko Pagola (Anoz) ariko dira eta bi kanaerdiko moztu beharko dituzte eta bortz onenak abuztuaren 14an Donamarian jokatuko den finalean izanen dira.

Nafarroako gizonezkoen txinga eramate txapelketan Josu Elizalde (Betelu), Iosu Marturet (Antsoain), Daniel Saldias (Arraioz), Jesus Goñi (Lekaroz), Imanol Martin (Berriozar), Oskar Aguas (Berriozar) eta Patxi Mindegia (Zubieta) ariko dira, esku banatan 50 kiloko txingak dituztela.

Nafarroako emakumezkoen txinga txapelketan Iranzu Fierro eta Aurkene Aroca berriozartarrak ariko dira, 25 kiloko txingekin. Jon Lapazaranek lasto botatze eta altxatze erakustaldia eginen du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun