Sute arriskua dela eta, Nafarroa osoan debekatuta dago sua piztea barbakoak eta parrilladak egiteko

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 12a, 20:00

Egunotan sute arriskua izugarri handitu dela eta, Mendiko Suteetarako Aholku Batzorde Teknikoak gaur goizeko bileran erabaki du Nafarroa osora zabaltzea sua aisialdirako erabiltzeko debekua. Arriskuarekin kezkatuak, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua droneak eta helikopteroak erabiliz azterketa hegaldiak egiten hasi da arrisku handiena duten eremuetan.

Kasu nekazaritzako eta mendiko lanetan

Gisa berean, Nafarroako Gobernuak gogorarazi ditu mendiko suteak sor ditzaketen makinen arriskuak, hala nola belarra paketatzeko makinak, bulldozerra, egurra ateratzeko prozesagailuak eta autokargagailuak. Horrela bada, tenperatura maximoak direla-eta AEMETek abisu horia aktibatzen duen momentutik, debekatuta geldituko da makina horiek erabiltzea 14:00etatik 18:00etara. Abisua laranja edo gorria bada, debekua egun osora zabalduko da.

Nafarroa hegoaldeko mendiko pistetan debekatu dute ibilgailu motordunekin ibiltzea

Gainera, Nafarroa hegoaldeko mendiko pistetan debekatuta dago ibilgailu motordunekin ibiltzea, baimendutako ibilgailuak izan ezik. Azkenik, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak gomendio orokor hauek betetzea gomendatu du, suteek sor ditzaketen arriskuak saihesteko:

  • Pospoloak eta zigarro-puntak behar bezala itzali gabe ez botatzea lurrera.
  • Botilak eta kristalezko objekturik ez uztea mendian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun