Nafarroako ingude altxatze eta motozerra txapelketak jokatuko dituzte gaur Iruñean

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 12a, 11:00
Iaz Nafarroako ingude altxatze txapelketan parte hartu zuten emakumeak.

Uztailaren 8an hasi ziren, eta uztailaren 14a bitartean egunero herri kirol txapelketak eta saioak egiten ari dira Iruñeko Foruen plazan 12:00etan. Bihar ingude altxatze txapelketak jokatuko dituzte eta Maika Ariztegi iturendarra eta Arantxa Goñi lekaroztarra lehiatuko dira emakumezkoen txapelketan.

Bihar, asteazkena, jokatuko dituzte Iruñean Nafarroako ingude altxatze txapelketak. Gizonezkoak arituko dira lehenik, eta kasu horretan ez da eskualdeko kirolaririk izanen. Iosu Marturet, Imanol Martin, Alejandro Fernandez, Ander Ros, Xabi Elizalde, eta Javier Jimenez lehiatuko dira, eta 18 kiloko ingudeari ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dizkiote minutu eta erdiz.

Emakumezkoen lehiaren kasuan eskualdeko bi kirolari izanen dira. Nafarroako txapelketa 11 aldiz irabazi duen Maika Ariztegi iturendarra eta Arantxa Goñi lekaroztarra. Bi horiekin batera, Iranzu Fierro eta Irune Biurrunek hartuko dute parte txapelketan. 9 kiloko ingudeari ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dizkiote minutu eta erdiz.

Horrekin batera XXII. San Fermin motozerra txapelketa ere jokatuko dute, eta horretan ere ez da eskualdeko parte hartzailerik izanen.Mikel Lasarte, Peio Kañamares eta Juan Asin lehiatuko dira, eta 30 minutuko bi txandatan bi figura osatuko beharko dituzte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun