Nafarroako harri-jasotze eta lasto-altxatze txapelketak jokatuko dituzte bihar Iruñean

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 8a, 18:00

Bi urteko geldialdiaren ondotik, Iruñeko sanferminetan hainbat herri kirol txapelketa eta jaialdi eginen dituzte, Iruñeko udalak, Nafarroako Herri Kirol Federazioaren laguntzarekin antolatuta. Hitzordua, beti bezala, Foruen Plazan izanen dute eguerdiko hamabietan.

Gaur abiatuko dira txapelketak arpana txapelketa eta emakumezkoen aizkoa txapelketekin, eta bihar izanen dute jarraipena Nafarroako harri-jasotze eta lasto-altxatze txapelketak jokatuko baitituzte. Batean ez da eskualdeko kirolaririk izanen eta bertzean, nahitaez, Amaiurrera etorriko da txapela, bi parte-hartzaileak amaiurtarrak baitira.

Harri-jasotze txapelketan Albaro Zugarrondo (Iruña), Oskar Aguas (Berriozar) eta Aitor Oiarbide (Etxarri-Aranatz) ariko dira. Hiru harrirekin (125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola) bi minutuko txandak izanen dituzte.

Lasto Altxatze Txapelketan Iñigo Goienetxe eta Igor Goienetxe amaiurtarrak ariko dira. 45 kiloko fardoa ahalik eta gehien altxatu beharko dute bi minutuz. Polea 7 metrora jarria izanen da.

Joseba Sanchez leitzarrak giza-proba erakustaldia ere eginen du, 700 kiloko harriarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun