Nafarroako arpana txapelketak eta emakumezkoen aizkora txapelketa jokatuko dituzte bihar Iruñean

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 7a, 12:00

Bi urteko geldialdiaren ondotik, Iruñeko sanferminetan hainbat herri kirol txapelketa eta jaialdi eginen dituzte, Iruñeko udalak, Nafarroako Herri Kirol Federazioaren laguntzarekin antolatuta. Hitzordua, beti bezala, Foruen Plazan izanen dute eguerdiko hamabietan.

Bihar, uztailak 8 hasiko dira txapelketak Nafarroako arpana txapelketarekin eta emakumezkoen aizkora txapelketarekin. Denetan izanen da eskualdeko kirolariren bat.

Nafarroako gizonezkoen arpana txapelketan Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizoz), Adrian Berruezo (Ibero) eta Alberto Oteiza (Larrageta), Iker Goldarazena (Berriozar) eta Josu Huarte (Elkarte) eta Xabier Urrutia eta Dani Saldias (Arraioz) ariko dira. Etzanda jarritako kanaerdiko enborrari 14 epai eta zutik jarritako kanaerdikoari 4 epai eman beharko dizkiote.

Nafarroako emakumezkoen arpana txapelketan Ainhoa eta Maria Iraizoz (Elso), Irune Biurrun (Antsoain) eta Lucia Etxeberria (Goizueta), Uxue Rodriguez (Burlata) eta Saioa Izura (Berriozar) eta Itziar Nuñez (Lezaun) eta Marian Otxoa (Abarzuza) ariko dira. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai eman beharko dizkiote.

Nafarroako Emakumezkoen Aizkora Txapelketan, berriz, Nerea Sorondo beratarrarekin eta Maika Ariztegi iturendarrarekin batera, Sarrigurengo Beatriz Tanco ariko da. Bi oineko eta hiru 45 ontzako moztu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun