Doneztebe eta Baztan Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako txapeldunak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 4a, 17:00

Doneztebek txikien kategorian, eta Baztanek helduen mailan irabazi dituzte aurtengo Nafarroako Herriarteko Pilota txapelketako finalak. Larunbatean jokatu zituzten finalak Iruñeko Labrit pilotalekuan.  Argazkiak: Joxe Migel Lazkanotegi, Garaikoetxea eta Aizpurua.

Larunbatean bukatu zen Labriten maiatzean hasitako Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketa. Aurten, gainera, bi txapelketatan banatuta egin dute, eta bietan etorri dira txapel guztiak eskualdera. 

Goizean egin zituzten txikien mailako finalak, eta Berako eta Doneztebeko pilotariak aritu ziren. Umeen mailan,  Berako Goñi eta Igoa bikoteak 18 eta 12 irabazi zion Doneztebeko Elizaldek eta Leizak osaturikoari. Ondotik, kimuetan Doneztebeko Leiza eta Ezkurra 18 eta 5 gailendu ziren Berako Lazkanotegiren eta Etxegarairen kontra. Hirugarren partidan, haurren mailakoan erabaki zen txapelduna. Doneztebeko Barbarinek eta Madariagak 18 eta 13 irabazi zieten Berako Goñi eta Kortari. Hala, txapela Doneztebera joan zen. 

Arratsaldean, aldiz, Larraungo eta Baztango pilotariak aritu ziren nor baino nor, eta kasu horretan ere eskualdera etorri zen txapela. Kadeteatan Baztango Sagardia eta Apeztegia 22 eta 3 nagusitu ziren Galartza eta Navarro Larraungo bikotearen kontra. Gazteetan, aldiz, Larraunera joan zen garaipena. Goldarazena eta Garaño aise nagusitu ziren 22 eta 6 Baztango Iturralde eta Ballarenaren kontra. Azken partidak erabaki zuen txapelduna. Baztango Apeztegia eta Oskoz 22 eta 18 nagusitu ziren  Larraungo Armendariz eta Gurrearen kontra, txapela Baztanera eramanez. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun