Eskualdeko hainbat tontor argiztatu ditu Pirinioetako Bidea ekimenak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 4a, 15:00

Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat elkartek antolatuta, Pirinioetako 300 tontor argiztatzeko deia egina zuten larunbaterako. 300 tontor horien artean, eskualdeko makina bat tontor argiztatu zituzten eskualdeko herritarrek, zein Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritakoek. 

22:00etan egina zuten hitzordua linternak piztu eta mendiak argiztatzeko eta ordurako, jendez beteak ziren eskualdeko hainbat mendi. Eguraldi ederra lagun, mendi batzuetan musika ere izan zuten giroa alaitzeko.

Ekimenaren bidez nazioarteko komunitateari mezua argia bidali nahi izan diete ekimenaren antolatzaileek:«Gure herrientzat errespetua eskatzen dugu; gure hizkuntzarentzat eta kulturarentzat begirunea exijitzen dugu; gure herritar guztien eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko eskatzen dugu. Gure herrien borondate demokratikoa errespetatzea exijitzen dugu»

Etorkizunean ekimen bateratu gehiago antolatuko dituztela jakinarazi zuen Gure Eskuk Jaizkibelen egindako agerraldian. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun