Bi urteren ondotik, berriz ere herri kiroletako hainbat txapel banatuko dituzte Iruñeko sanferminetan

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 5a, 07:00

Iruñeko Foruen Plazak berriz ere hainbat herri kirol txapelketa hartuko ditu sanferminetako eguerditan.

Bi urteko geldialdiaren ondotik, Iruñeko sanferminetan hainbat herri kirol txapelketa eta jaialdi eginen dituzte, Iruñeko udalak, Nafarroako Herri Kirol Federazioaren laguntzarekin antolatuta. Hitzordua, beti bezala, Foruen Plazan izanen dute eguerdiko hamabietan.

Nafarroako arpana txapelketak eta emakumeen aizkora txapelketa uztailaren 8an

Uztailaren 8an Nafarroako arpana txapelketak eta emakumezkoen aizkora txapelketa jokatuko dituzte eta denetan izanen da eskualdeko kirolariren bat.

Nafarroako gizonezkoen arpana txapelketan Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizoz), Adrian Berruezo (Ibero) eta Alberto Oteiza (Larrageta), Iker Goldarazena (Berriozar) eta Josu Huarte (Elkarte) eta Xabier Urrutia eta Dani Saldias (Arraioz) ariko dira

Etzanda jarritako kanaerdiko enborrari 14 epai eta zutik jarritako kanaerdikoari 4 epai eman beharko dizkiote.

Nafarroako emakumezkoen arpana txapelketan Ainhoa eta Maria Iraizoz (Elso), Irune Biurrun (Antsoain) eta Lucia Etxeberria (Goizueta), Uxue Rodriguez (Burlata) eta Saioa Izura (Berriozar) eta Itziar Nuñez (Lezaun) eta Marian Otxoa (Abarzuza) ariko dira.

Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai eman beharko dizkiote.

Nafarroako Emakumezkoen Aizkora Txapelketan, berriz, Nerea Sorondo beratarrarekin eta Maika Ariztegi iturendarrarekin batera, Sarrigurengo Beatriz Tanco ariko da.

Bi oineko eta hiru 45 ontzako moztu beharko dituzte.

Nafarroako harri-jasotze eta lasto-altxatze txapelketak uztailaren 9an

Larunbatean Nafarroako harri-jasotze eta lasto-altxatze txapelketak jokatuko dituzte. Batean ez da eskualdeko kirolaririk izanen eta bertzean, nahitaez, Amaiurrera etorriko da txapela, bi parte-hartzaileak amaiurtarrak baitira.

Harri-jasotze txapelketan Albaro Zugarrondo (Iruña), Oskar Aguas (Berriozar) eta Aitor Oiarbide (Etxarri-Aranatz) ariko dira. Hiru harrirekin (125 kiloko zilindroa, 112,5

kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola) bi minutuko txandak izanen dituzte.

Lasto Altxatze Txapelketan Iñigo Goienetxe eta Igor Goienetxe amaiurtarrak ariko dira.

45 kiloko fardoa ahalik eta gehien altxatu beharko dute bi minutuz. Polea 7 metrora jarria izanen da.

Joseba Sanchez leitzarrak giza-proba erakustaldia ere eginen du, 700 kiloko harriarekin.

 

Nafarroako Bikotekako Aizkora Txapelketa eta gurdi altxatze txapelketa uztailaren 10ean

Nafarroako bikotekako aizkora txapelketa jokatuko dute uztailaren 10ean.

Iker Vicente eta Aresoko Asier Pellejero, Zigako Joxean Etxeberria eta Eneko Saralegi eta Leitzako Jon Rekondo eta Julen Olano izanen dira bikoteak. Sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko dituzte

Nafarroako gurdi altxatze txapelketan, berriz, Unai Bertiz (Sunbilla), Oskar Aguas (Berriozar), Alejandro Fernandez (Iruña) eta Joseba Petrirena (Bera) ariko dira.

Udane Ostolazak harri-jasotze erakustaldia eginen du.

Nafarroako Kadete Mailako Arpana Txapelketa uztailaren 11n

Uztailaren 11n, kadete mailako arpana txapelketa jokatuko dute lau bikote hauek: Oihan Biurrun eta Asier Muñoz (Antsoain), Ander Aldunate eta Oihan Santesteban (Antsoain), Julen Urrutia eta Xabat Altzugarai (Menditarrak) eta Amaia Razkin eta Joritz Arratibel (Andra Mari)

Etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai eman beharko dizkiote.

Proba konbinatu erakustaldiak ere eskainiko dituzte kimu, haur eta kadete mailako taldeek.

San Fermin sokatira torneo mistoa launaka eta aizkora erakustaldiak uztailaren 12an

San Fermin Sokatira Torneo Mistoa 4x4 jokatuko dute uztailaren 12an Amaiur, Araxes, Antsoain, Berriozar eta Beti-Gazte taldeek, 280 kiloko pisuan.

Emakumezkoen aizkora erakustaldia bikoteka ere eginen dute: Maika Ariztegi (Ituren) eta Laiene Pikabea ereñotzuarra, Sarrigurengo Beatriz Tanco eta Zeanuriko Irati Astondoaren kontra. Patxi Larretxeak aizkora erakustaldia eskainiko du altueran.

Nafarroako ingude txapelketak eta San Fermin motozerra txapelketa uztailaren 13an

Nafarroako gizonezkoen Ingude eta emakumezkoen ingude altxatze txapelketak jokatuko dituzte uztailaren 13an. Gizonezkoetan Iosu Marturet (Antsoain), Imanol Martin (Berriozar), Alejandro Fernandez (Iruña), Ander Ros (Iruñea), Xabi Elizalde (Iruñea) eta Javier Jimenez (Iruñea) ariko dira, minutu eta erdian 18 kiloko ingudeari ahalik eta altxaldi gehien emanez.

Emakumezkoetan, Maika Ariztegi (Ituren), Iranzu Fierro (Berriozar), Arantxa Goñi (Lekarotz) eta Irune Biurrun (Antsoain) ariko dira 9 kiloko ingudearekin, denbora berean.

XXII. San Fermin motozerra txapelketan, berriz, Mikel Lasarte (Azpiroz), Peio Kañamares (Arostegi) eta Juan Asin (Peralta) ariko dira, 30 minutuko bi txandatan (txanda bakoitzean irudi bat egin beharko dute).

 

Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa eta txinga txapelketak uztailaren 14an

Uztailaren 14an, azkenik, Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko dute. Aritz Oiarbide (Etxarri Aranatz), Endika Goia (Bera), Jacinto Etxekonanea (Beintza Labaien), Ibai Telletxea (Baiona), Patxi Igoa (Itsasu), Amets Aristizabal (Urdiain), Julen Urrutia (Arraioz), Iker Goldarazena (Berriozar), Eneko Pagola (Anoz) ariko dira eta bi kanaerdiko moztu beharko dituzte.

Nafarroako gizonezkoen txinga txapelketan Josu Elizalde (Betelu), Iosu Marturet (Antsoain), Daniel Saldias (Arraioz), Jesus Goñi (Lekaroz), Imanol Martin (Berriozar), Oskar Aguas (Berriozar) eta Patxi Mindegia (Zubieta) ariko dira, esku banatan 50 kiloko txingak dituztela.

Nafarroako emakumezkoen txinga txapelketan Iranzu Fierro eta Aurkene Aroca berriozartarrak ariko dira, 25 kiloko txingekin. Jon Lapazaranek lasto botatze eta altxatze erakustaldia eginen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun