Baztandarra txirrindulari taldeak ere akitutzat eman du ikasturtea

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 1a, 13:00

Mendi bizikleta taldekoak Bertizko parkean izan ziren eta errepidekoek Izpegira igo eta gero, Erratzuko kanpineko igerilekuan

CC Baztandarra txirrindulari taldeko mendi bizikleta taldeko entrenamenduak akitu zituzten asteartean. Irailean, denboraldi berriari ekinen diote. Azken entrenamendua Bertizko parkean egin zuten eta merienda goxo batekin bukatu zuten ikasturtea. Errepideko taldeari dagokionez, hauek ere asteartean egin zuten azken entrenamendua. Izpegira igo ziren eta gero, berriz ere Erratzura jautsi eta kanpineko igerilekuan plisti-plasta ibili ziren, gustura.

Espainiako txapelketa asteburuan Valladoliden

Entrenamenduak akitu dituzten arren, eskualdeko txirrindulari batzuk asteburu honetan Valladoliden jokatuko dituzten Espainiako txapelketetan izanen dira. Mendi bizikletan, infantil mailan, Baztandarra-Malkorra-Josenea-CM2 taldeko Ekiñe Bertiz sunbildarra lehiatuko da eta errepideko bizikletari dagokionez, infantil mailan Villaves taldeko Joritz Barberena lekaroztarra, kadete mailan Ermitagaña taldeko Aitor Igoa sunbildarra eta jubenil mailan, joan den asteburuan Gipuzkoako Itzuliko hondarreko etapa irabazi zuen Villaves taldeko Ugaitz Otxandorena saldiastarra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun