Haur Eskoletako langileek greba bertan behera uztea erabaki dute

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 1a, 09:30

Ikasturtearen akabailarekin batera, 60 eguneko greba mugagabeari akabera ematea erabaki du 0-3 plataformak. Hala ere, ikasturte berriarekin «bueltatuko direla» adierazi zuten atzo Nafarroako Parlamentuaren aitzinean. Argazkiak: EkinKlik eta Kristina Goñi

Atzo irakurritako komunikatuan plataformak adierazi zuenez, «Nafarroako haur eskola publikoetako langileok 60 egun daramatzagu greba mugagabean. 60 egun 0-3 hezkuntza zikloaren duintasunaren alde borrokan». 60 egun hauetan, «eskatzen duguna ulertzeko eta konponbide onargarri batera hurbiltzeko» gai izan ez direla salatu dute; «argi gelditzen da ez dagoela borondate politikorik langileen lan prekarietateari eta haurrek eskolan dituzten bizi baldintzei gutxieneko duintasun batekin irtenbidea emateko».

«60 egun hauetan gure borroka luzea izanen dela ulertu dugu. Nahastu eta desmobilizatu nahi izan gaituzte, ez gaituzte aintzat hartu, mespretxatu egin gaituzte. Oso garesti ordainarazten digute 0-3 zerbitzutik ahotsa altxatu izana». Gainera, «jasaten ari garen jazarpen poliziala» salatu dute; «kriminalizatu gaituzte, badakite arrazoi dugula, baina ez dira beste ezer egiteko gai».

Horregatik «gaur, 2022ko ekainaren 30ean, greba bertan behera uztea erabaki dugu». Kolektiboaren «prekarietateari» grebaren bi hilabeteak gehitu zaizkio, «eta langile aunitzek ezin diogu egoera ekonomikoari eutsi».

Helburuak lortu ez badituzte ere, «kolektibo gisa lortutako batasuna» nabarmendu dute, eta «Nafarroako jendartearen zati handi baten babesa» lortu dutela. «Kalera irtetera ausartu gara, gure buruari ahotsa jartzera, eskatzen dugunaren lotsarik ez sentitzera, bidegabekeria hau salatzera. Eskatzen duguna baino aunitzez gehiago zor zaigu».

Egindako proposamena «ez dela nahikoa» helarazi nahi izan diote gobernuari, «Europak arrazoia ematen digu, baina gobernu honek apurrekin erosi nahi gaitu. Ez dugu Gobernuak eskaini digun prekarietatea onartu eta gure duintasuna mantentzeko gai izan gara. Ez gaude salgai. Gure zikloari irtenbide integrala ematen ez bazaio, indartsuago bueltatuko gara! Begiratzen duten tokira begiratuta, borrokan segitzen dugula gogoraraziko dien zapi hori bat aurkituko dute eta jakinaraziko diegu ez dugula etsiko gatazka hau konpontzeko benetako borondate politikoa ikusi arte».

Akitzeko, langileek haka dantzatu zuten Parlamentuaren aitzinean eta «itzuliko garela» jakinarazi zieten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun