Eskualdeko enpresek 3,6 milioi euro baino gehiago zor dizkiote Nafarroako Ogasunari

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 1a, 18:00

Nafarroako Ogasunak 2021eko zordun nagusien zerrenda argitaratu du eta, horren arabera, Nafarroako 663 pertsona eta enpresek 325 milioi euro zor dizkiote Nafarroako Ogasun. Horietatik dozena bat baino gehiago gure eskualdekoak dira, batzuk (5) likidazioan daude aspalditik, eta gainerakoak jardunean daude gaur egun.

120.000 eurotik gorako zorrak dituzten pertsonak eta enpresak dira zerrendan ageri direnak eta zor kopurua 2021eko abenduaren 31ri dagokio. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, zerrenda argitaratu aitzinetik, zordun guztiei jakinarazi zien zerrendan agertuko zirela eta zor osoa kitatzeko aukera zutela zerrenda horretan ez agertzeko.

Dena den, Nafarroako Ogasunaren aurten argitaratu duen zerrendak iazkoak baino 10 zordun gutxiago ditu, baina zorraren zenbateko osoa 5,3 milioi euro handitu da. Hala ere, aurreko urteko zerrendan agertzen ez ziren 39 zordun berri daude 2022ko zerrendan eta 49 baja izan dira hainbat arrazoirengatik, hala nola hartzekodunen konkurtsoa bukatzeagatik, zorra 120.000 euro baino gutiagora jausteagatik edo atzerapenengatik.

Zordunen zerrendan ageri diren 663 pertsona edo enpresen artean, guttienez 13 eskualdekoak dira. Horien artean, aipagarrienak Doneztebeko Aparan SL eta Lesakako Ayala Instalaciones Eléctricas SL dira. Bata zein bertzea aspaldi itxi bazituzten ere, Aparanek 745.521,87 euroko zor metatua du (iaz bezala) eta Ayala Instalaciones Eléctricas SLk 477.379,10 eurokoa (iaz baino 1.169,92 euro gehiago). Doneztebeko Maderas Zabalaren zorra ere aipatzekoa da, 639.849,85 eurokoa baita (iaz baino 57.451,78 euro gutiago).

Bertzalde, jarduera-sektorearen araberako sailkapenean, eraikuntza/etxegintza (220 zordun) eta merkataritza eta ostalaritza (154) dira Nafarroako Foru Ogasunarekin zor handiena dutenak. Horien artean daude Leitzako Construcciones y Obras Pagozelay 275.346,38 euroko zorrarekin (iaz bezala), Construcciones Baztangoiza 178.927,14 euroko zorrarekin edo Construcciones Arraiotz 134.940,42 euroko zorrarekin edo Urtxola Jatetxea 136.495,43 euroko zorrarekin. Gainerakoan, Goizuetako Maderas Arraetxe SLk 261.036,39 euroko zorra du Ogasunarekin eta Leitzako Zumardi Baso-Ustiapenak enpresak 249.143,87 eurokoa. Maila apalagoan bada ere, eskualdeko enpresa gehiago ere ageri dira zerrendan, guztira hamahiru bederen.

Dena den, Nafarroako Ogasunak aurten argitaratu duen zerrendak iazkoak baino 10 zordun gutxiago ditu, baina zorraren zenbateko osoa 5,3 milioi euro handitu da. Guztira, joan den urteko zerrendan agertzen ez ziren 39 zordun berri ageri dira 2022ko zerrendan eta 49 baja izan dira hainbat arrazoirengatik, hala nola hartzekodunen konkurtsoa bukatzeagatik, zorra 120.000 euro baino gutiagora jausteagatik edo atzerapenengatik.

Ordaindu ez diren zergen artean, BEZa da lehena (119 milioi euro). Haren ondotik datoz atzerapen-espedienteak (56 milioi euro) eta isunak eta zigorrak (50,5 milioi).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun