Infantil eta kadete mailako Espainiako pilota txapeldun eta txapeldunorde izan dira eskualdeko pilotariak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 30a, 12:00
Nafarroako selekzioarekin parte hartu zuten pilotariak eta hautatzaileak, igandean Iscarren (Valladolid) sariak jaso eta gero.

Goiuri Zabaleta leitzarrak, Kattin Madariaga arantzarrak eta Nahia Bertiz sunbildarrak urrezko domina lortu dute eta Endika Santesteban zubietarrak zilarrezkoa, Nafarroako selekzioarekin

Haur eta kadete mailako Nafarroako pilota selekzioak eskola adineko federazio arteko Espainiako F30M-F36M txapelketan parte hartu zuen ekainaren 23tik 26ra Iscarren (Valladolid). Nafarroa podiumaren koxka goreneraino goititu dute, urrezko bortz domina eta zilarrezko bi lortu ondotik. Horren errudun eskualdeko pilotariak ere izan dira.

Aurrera pilota elkarteko Goiuri Zabaleta, Bortziriak pilota elkarteko Kattin Madariaga arantzarra, Erreka pilota elkarteko Nahia Bertiz sunbildarra eta Oberenako Endika Santesteban zubietarra izan ziren Nafarroako selekzioarekin. Eskuz binakako pilota txapelketan, nesken kadete mailan (Goiuri Zabaleta, Kattin Madariaga eta Leire Oskoz) eta nesken infantil mailan (Nahia Bertiz, Aizane Ibarrola eta Janire Sotil) urrezko domina eskuratu zuen Nafarroan eta mutilen kadete mailan (Endika Santesteban, Daniel Sanchez eta Oiez Zabaleta) zilarrezko domina.

Mutilen infantil mailan ere urrezko domina lortu zuen Nafarroak eskuz binaka. Paletaz, larruzko pilotarekin, urrezko dominak lortu zituen Nafarroak infantil eta kadete mailan eta paletaz, gomazko pilotarekin, zilarrezko domina.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun