Eskualdetik pasako da Agertxo pirata erronka solidarioa ortziralean eta larunbat goizaldean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 30a, 13:00
Agertxo Pirata erronka solidarioko kideak iaz egindako erronkan.

700 kilometro, 14.000 metro desnibel metatu 50 ordutan. Ortziralean, uztailaren 1ean abiatuko da 14:00etan Berriatuko plazan (Bizkaia) erronka eta Euskal Herrian zehar hiru egunez 700 kilometro egin ondotik bukatuko da igandean Berriatuan bertan. Erronka egiteko SR Euskal Herria izeneko ibilbidea jarraituko dute, eta eskualdeko hainbat herritatik pasako dira. 

Ortziralean 17:20etan ailegatuko da erronka Leitzara Gipuzkoatik. Leitzan jateko eta atsedenerako tarte bat hartuta, 18:50ean abiatuko dira berriz, eta  Basakabi igota Goizuetara joanen dira.  Goizueta gurutzatuta, eskualdea gibelean utziko dute Hernanira joateko. 

Iluntzean itzuliko da berriz eskualdera, Oiartzunen barna ailegatuko baita Lesakara 22:10ean. Lesakan afaltzeko tartea hartu eta 22:40ean Etxalarrera joko dute eta bertan Lizarieta portua igo eta jaitsiz Sarara ailegatu, eta Lizuniagan barna sartuko dira Berara 00:30ean. Beran Ibardin igo eta Urruñarako bidea hartuko dute. Euskal herriko hainbat txoko gurutzatuta, igandean bukatuko dute erronka Berriatuan.  

Erronka Aspanovas Elkarteari, minbizia duten haur eta nerabeen gurasoen elkarteari, ikusgarritasuna eta laguntza ekonomikoa emateko egingo da, beraien isilpeko lanarekin jarraitu dezaten. Horretarako, crowdfunding bat ere ireki dute www.kukumiku.com orrialdean.

Hainbat lagunek hartuko dute parte ekintzan: zazpi txirrindularik osorik egingo dute bidea bizikletaz, eta horiekin batera zortzi lagun izango dituzte laguntzeko furgonetan. Horrez gain, nahi duen txirrindulari oro gonbidatu dute ekimenaren parte hartu eta bizikletan kilometro batzuk beraiekin egitera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun