Iban Illarramendik eta Eider Perezek irabazi dute 2022ko Etxepare saria

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 29a, 20:00
Aurtengo Etxepare sariko saridunak, epaimahakideak eta antolatzaileetako batzuk, sari banaketa ekitaldian.

Etxepare saria Nafarroako 22 toki entitatek (haien artean Baztango Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Malerrekako Mankomunitatea eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea) sortutako haurrendako albumen lehiaketa da. 35 lan aurkeztu dituzte aurten guztira eta Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute epaimahaia.

Iban Illaramendik eta Eider Perezek irabazi dute saria Kiratsa albumarekin. 5.000 euroko saria lortu du irabazleak eta Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du bere lana udazkenean.

Lan irabazlea

Kiratsa album ilustratuak Ñimi kukuso edo arkakuso baten abenturak ditu ardatz eta usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen digu: zer den usain, zer lurrin, zer kirats… Kukusoa Pantxi txakur dotorearengana iritsi da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatuko dira.

Testua ezin egokiagoa da album baterako: laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarritua. Ezin aproposagoa errezitatzeko eta dibertitzeko. Ilustrazioak dotoreak dira, sofistikatuak —hainbat oihartzun eskaintzen dute, hala nola René Magritteren zeruenak— eta, batez ere oso narratiboak eta musikaltasunez beteak.

Testuaren eta ilustrazioen arteko uztarketa goi mailakoa da eta esan daiteke idazle-ilustratzaileek album, ilustratu, jostagarria eta harmonikoa lortu dutela, irakurleentzako benetako oparia, behin eta berriro irakurtzeko eta usaintzeko gogoa emanen duena.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun