Argentinako gazteek Baztan, Bertiz eta Zugarramurdi bisitatuko dute ekainaren 30ean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 28a, 20:00

Argentinatik etorritako gazteei harrera egin zien Ana Ollok, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak.

Nafarroako Gobernuko herritarrekiko harremanetarako departamentuak antolatutako Udako Eskolan parte hartzen ari diren Argentinako gazteei harrera egin zieten astelehenean. Nafarroako Gobernuaren Next estrategiaren barneko programa da udako eskola. Gazte hauek Bolívar, Buenos Aires, Mendoza eta Rosarioko nafar zentroetakoak dira eta, hain zuzen, Nafarroa ezagutzen ibiliko dira uztailaren 2ra arte.

Astelehenean Iruñea ingurua ezagutuko dute, asteartean Erriberri, Tutera eta Bardea inguruak bisitatu dituzte, asteazkenean Santiago Bidearen inguruan, Eunateko Santa Maria eliza, Gares, Lizarra, Irantzuko monasterioa eta Abarzuza ikusiko dituzte eta ekainaren 30ean, ortzegunean, eskualdea bisitatuko dute. Zehazki, Bertizko jaurerria, Amaiur, Zugarramurdi eta Elizondon barna ibiliko dira.

Uztailaren 1ean, ortziralean, Orreaga, Donibane Garazi, Iratiko Oihana, Orbaitzetako arma-fabrika eta Azpegiko estazio megalitikoa bisitatuko dute eta, bukatzeko, uztailaren 2an, Irunberriko arroila, Leireko monasterioa eta Xabierko gaztelua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun