Atzo Iruñeko Baluarten ADONAk omendu zituen 208 odol-emaileetatik 5 gure eskualdekoak dira

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 27a, 14:30

ADONAk atzo, ekainak 26, Baluarten egindako omenaldi-ekitaldia. Argazkia: Diario de Noticias / Iñaki Porto

Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak (ADONA) urteroko gala egin zuen atzo odol-emaileen omenez Iruñeko Baluarte jauregian. Zehazki, 2021era arte 50, 100 edo 150 odol-emate egin dituzten 208 pertsonari eman zieten atzo esker on intsigniak. Omendutako 208 pertsona horietako 5 gure eskualdekoak dira.

Odol-emaileen «erantzukizuna» eta «konpromiso eskuzabala» omendu zituen atzo Adonak. Ekitaldia Iruñeko Baluarte Auditoriumeko Areto Nagusian egin zen, eta 208 pertsonari eman zieten esker on intsigniak. 208 horietatik 11k 150 odol-emate egin dituzte bizitza osoan, bertze 45ek 100 odol-emate eta gainerako 152ak 50 odol-emate. Sarien banaketan Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Santos Indurain kontseilariak, Anton Zubasti Adonako presidenteak eta Susana Pardo Adonako presidenteordeak hartu zuten parte.

Gure eskualdekoak dira 5

2021ean 50 odol-emate egitera iristeagatik esker on intsigniak hartu zituztenen artean badaude 5 gure ingurukoak direnak. Hauexek dira:

  • Pakita Goñi Pikabea (Bera)
  • Miguel Angel Lizarraga Zabaleta (Leitza)
  • Julio Salinas Maeztu (Lesaka)
  • Javier Bertiz Subizar (Elizondo)
  • Jose Angel Bidaurre Irigoien (Bera)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun