Bidasoko Bide Berdearen Doneztebe eta Elizondo arteko zati berriaz informazioa emanen dute ekainaren 27an

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 24a, 18:00
Bidasoko Bide Berdeari Elizondora arteko segida emanen zaio, Doneztebetik hasita berrituta.

Lurren jabeek nahiz bertze herritarrek astelehenean Doneztebeko udaletxeko pleno aretoan 12:00etatik 14:00etara eta Elizondoko plazako eraikin txurian 16:00etatik 18:00etara izanen dute proiektuaz informatzeko aukera

Bidasoko Bide Berdearen luzapen proiektua, Doneztebe eta Elizondo arteko bide tartearen PSIS proiektua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ekainaren 17an. Hori dela eta, proiektuari buruz informazio gehiago nahi duten herritarrei eta kaltetuei (lurren jabeak) argibideak emateko astelehen honetan, ekainak 27, Cederna Garalur eta Uraren Bailarak erakundeen eskutik, Informazio bulego bat jarriko dute Donezteben nahiz Elizondon, bertara hurbildu eta LKSko ingeniariarekin zalantzak argitu ahal izateko. Informazioa jaso nahi duenak, edozein herritakoa izanik ere, batera edo bertzera joan ahalko da.

Astelehenean izanen da, ekainak 27, goizean 12:00etatik 14:00etara Doneztebeko udaletxeko pleno-aretoan eta arratsaldean 16:00etatik 18:00etara Elizondoko plazako eraikin zurian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun