Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatua, Kultur programaren 27. edizioa ekainaren 25etik irailaren 11ra bitartean eginen da, Nafarroako 40 herritan. Jendeak musika-proposamen ugari aurkituko dituen eta sormen-fabrika baten ibilbidea eta obra ikusiko kultur eskaintza eginen da. 25 ikuskizun Nafarroako talde eta artistek eginen dituzte. Eskualdeari dagokionez, Bertizko ohiko erakusketaz gain, Bera, Elizondo, Donamaria, Leitza eta Zugarramurdira ailegatuko da kultur eskaintza.
‘Lilura-Olerki magikoak’ erakusketa Bertizko Natur parkean uztailaren 1etik abuztuaren 31ra
Olerkiak, pintura eta eskultura batzen dituen erakusketa bat ere izanen da edizio honetan. Hain zuzen, Bertizko Lorategi Botanikoak, proiekzio-aretoak eta erakusketa-aretoak Mikel Belascoain artistaren Lilura-Olerki magikoak erakusketa erakutsiko dute uztailaren 1etik abuztuaren 31ra.
2022an, proiektu artistikoak garatzeko plataforma eta sorkuntza-fabrika den Arte Berriko Fabrikaren hamar urteko ibilbidearekin bat eginez, koloreari, poesia bisualari eta magiari lotutako hamabort azalpen-puntu jarriko dituzte, Bertizko naturarekin eta haren espazioekin bat eginez. Lilurak bere baitan biltzen dituen harridura, ilusioa eta xarma sortu nahi dira. Erakusketa proiektu honek hamarkada honetan bidelagun izan duten energia laburtu nahi du; eta energia hori opari gisa agertuko zaie uda honetan Bertiz bisitatzen duten pertsonei. Erakusketan pintura, eskultura, musika, argazkiak eta zinema izango dira aukeran, lorategietan, erakusketa aretoan eta Bertizko proiekzio aretoan banatuta.
Egunero, 17:30etik 18:00etara Luna negra proiektatuko dute. Abuztuan bisita gidatuak eskainiko dituzte eta abuztuaren 4an eta 25ean, ortzegunak 17:30ean, Holly Mirandaren emanaldia. Un bosque eskulturen musikaren konpositorea da Miranda.
Herriz herriko emanaldiak
Uztailaren 29an, ortziralean 19:00etan Berako Toki Onako patioan, Hutsun eta JEL Trío taldeen emanaldia izanen da.
Sonoritate, estilo eta musika bide berriak aztertzeko jakin minetik sortu zen proiektu berritzaile eta etorkizun handiko hau. Kontzertu paregabea da emaitza, atsegina eta harrigarria, kalitatezko jazz errepertorioarekin, modu berrituan interpretatua, eta mitologia oroigarriekin. Alde batetik, jazzak elkartutako ibilbideak dituzten hiru musikari, Marcelo Escrich, Javier Lopez Jaso eta Juanma Urriza. Eta bestetik, Hutsun, Anai Gambra Uriz eta Mikel Urrutia, txalapartari bizia, erritmoa eta doinua ematen. Hutsun+JEL-Trio osatzen dute denak elkartuta.
Egun berean, uztailaren 29an, 20:00etan, Elizondoko Foruen Plazan Generoa dantza ikuskizuna eskainiko du Kimua Dantza Kolektiboak.
Dantzaren bidez, gorputzaren mugimenduek gidatuta, hauteman ahal izanen ditugu hartzen ditugun edo ezartzen dizkiguten rolak. Benetan aske bagina, nola mugituko ginateke? Nola dantzatuko genuke? Eta zu ausartuko al zara dantzan lehen pausoa ematen? Loturak hausten? Egiaz libre izaten?
Kimua Dantza Kolektiboa taldeak genero ikuspegiaren inguruko lana proposatzen digu dantza ikuskizun baten bidez. Partaidetzako bitartekotza original bezain berritzailearen
bidez, Kimuak planteatzen digu loturarik edo katerik ba ote dugun … biologiari, genetikari eta euskarari dagokienez generoaren ikuspuntutik begiratuta.
Kimua Dantza Kolektiboa taldeko sei dantzari eta Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta idazlea arituko dira oholtza gainean. Euskal dantza tradizionaletatik abiatuta, ukitu klasiko eta garaikideak dituzten koreografiak interpretatuko dituzte. Hainbat musikak, zuzeneko errezitaldiek, bertsoek, off ahotsek, trantsizioek eta hainbat baliabide materialek osatuko dute ikuskizuna.
Uztailaren 31n, igandean 19:00etan The Trikiteens taldea izanen da Donamariako frontoian.
The Trikiteens plaza taldea da. Kalejirak, jotak eta porrusaldak, jauziak, baltsak, mexikarrak eta dantzatzeko beste pieza batzuk interpretatzen dituzte. Betikoak eta batzuk berriagoak. Batzuetan herri kantak aldatu egiten dituzte nortasun propioa emateko. Eta herri musikaren esentzia galdu gabe, erritmo azkar eta dibertigarriagoekin jotzen dituzte. Bertze batzuetan, talde modernoagoen bertsioak interpretatzen dituzte, pop, rock, punk eta ska erritmoak bezain askotarikoa
Egun horretan, Lezealde, lur barruko altxorra espeleologia jarduera eginen dute Beintza-Labaienen. 10:00etan hasita, hiru orduko ateraldia izanen da. 20 euro ordaindu beharko dute helduek eta zortzi eta hamazazpi urteko haur eta gazteek 14 euro. Guttienez lau lagun beharko dira eta gehienez hamabortz onartuko dituzte jarduera egiteko. Izen-ematea info@orbela-beintza.com eta 659 47 73 96 telefonoan.
Irailaren 3an, larunbatean 23:30ean Skabidean taldeak joko du Leitzako plazan. Skabidean ska, reggae eta rocksteady taldea da, eta Iruñean sortu zen 2012an. Hamar musikarik osatzen dute taldea, eta berrehun kontzertu baino gehiago eman ditu gure geografia osoan zehar, atzerrira irtenaldi ugari egiteaz gain. 2022aren hasieran argitaratu zuten beren laugarren diskoa. Peru Harri, harriaren museora bi orduko bisita gidatua antolatu dute egun horretarako, 11:30ean. Helduek 5 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 3 euro. Izen-ematea peruharri@hotmail.com helbidean eta 659 70 10 45 telefonoan.
Egun berean, irailaren 3an, larunbatean 17:00etan, Melenas taldea izanen da Zugarramurdiko leizean. Leizean sartzeko prezioa 5,50 eurokoa izanen dute egun horretan helduek eta 3,50 eurokoa hamabi urtez beherakoek.
Iruñeko Nébula taberna txikiaren inguruan jaio zen Melenas, eta bere erreverbcorearekin herrialde honetako garage pop eszenan zeresan handiena eman duen taldeetako bat bihurtu zen berehala. Bere debuteko albumak bi edizio agortu zituen Espainiar estatuan bakarrik, eta nazioartean berrargitaratu dute Trouble In Mind Records disko etxearen bidez. Beren kantak, gitarraz eta reverb efektuz beteak, pop denboragabearen erakustaldia dira, estilo propio eta freskoarekin, baina, aldi berean, tradizio handiarekin: Oihanaren melodia ederrak, Leireren baxuaren ildo freskoak, Mariaren teklatu azidoak eta Lauraren Lindy Morrison erako bateriak fuzzez eta phaser kementsuez apaintzen dira, eta ahots harmonietan biltzen dira. The Feelies, Stereolab edo C86-ren soinu basatiena entzuten dira bihotz sentikorrentzako letrak dituzten abesti horietan.
Jaialdi nazionalen eszenatoki garrantzitsuenetan ibili ondoren, hala nola Primavera Sound, FIB, LOW edo BBK; bai eta nazioartekoetan ere, esate baterako Austingo SXSW (bi aldiz, ia 20 show), Eurosonic Groningenen, Freakender (Glasgow) eta beste batzuk Erresuma Batuan eta Frantzian, Melenas taldeak estudioko bere bigarren albuma argitaratu du aurten, Días Raros, Elsa/Snap! Klap! eta Trouble In Mind etxe estatubatuarrak (Mikal Cronin, Jacco Gardner) batera argitaratu dutena. 2021ean Europako MME Award saria irabazi zuten, aldez aurretik Rosaliak, Hindsek edo Dua Lipak irabazi zutena.
Hain zuzen, Zugarramurdiko museo eta leizetara bisita gidatua ere eskainiko dute egun horretan, 10:30etik 19:00etara. Ordubete ingurukoa izanen da baliabide bakoitzean. Helduek 5,50 euro ordaindu beharko dute eta 6-12 urte bitarteko haurrek 3,50 euro. Bigarren baliabidearen sarreran euro bateko deskontua izanen dute. Erreserba egiteko info@zugarramurdi.es edo 948 59 90 04-948 59 93 05 telefonoetan.