812.000 euroko aurrekontua izanen du aurten Ekoalde elkarteak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 23a, 18:30
Ekoalde elkarteko kideak, joan den ortziralean Noainen egindako batzarrean.

Nafarroako elikagai ekologikoen ekoizleak biltzen dituen elkarteak ekainaren 17an egin zuen urteko batzarra

Ekoalde Elkarteak bere batzar orokorra egin zuen ekainaren 17an. Ekoalde, irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta bere baitan Nafarroan, ekologikoan ekoizten duten 65 persona biltzen ditu. Hiru urteko ibilbide komertziala du Nafarroako elikagai ekologikoen gune logistiko gisa. Ibilbide honek, bere jarduera egonkortu du eta aurten 812.000ko aurrekontua izanen du. Bere ekinbidea, bereziki Kolektibitateen lerroan landuko du, hau baita bere fakturazioaren %50 baino gehiago.

Ekoaldek Noainen duen instalazioetan egindako batzarrean, iazko jarduera ekonomikoa, 540.000 eurokoa, eta 2022rako aurrekontua, 812.000 eurokoa, babestu ziren. Honekin batera, 2021eko ekimenen memoria onartu zen.

Ekoalderen ekinbideaz egiten den balantzea hagitz positiboa da, kontuan hartzen bada hiru urteko ibilbide komertziala duela bakarrik. Bereziki deigarria da, kolektibitateen esparruan emandako jauzia, elkartearen fakturazioaren erdia suposatzen duelako eta egunero 12.000 ikasle eta 29 eskolen menuetan eragiten duelako.

Jauzi honek, planifikazio produktiboari dagokionez hala nola logistika esparruari dagokionez, Ekoalderen lantalde teknikoaren eta ekoizleen profesionalizazioan urrats garrantzitsua eragin du.

Landa Garapenerako Departamentuarekin hitzarmena

Ekimen azpimarragarrien artean, Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako eta Ingurumeneko departamentuarekin 2022ko urtarriletik urrira bitarte garatuko den hitzarmena dago. Helburua, «Sektore produktiboen ber-egituraketarekin eta kanpainak landuz, elikadura osasuntsu eta ekologikoa kolektibitateen esparrura zabaltzeko eta handitzeko eginen diren lanak babestea» da.

Hitzarmen honek, 110.000 euroko aurrekontua du, eta hainbat ekimen eginez garatzen ari da. Ekimen hauen artean, Nafarroako esparru ekologikoaren egituraketa kolektibitateei begira lantzeko ekoizleekin sektoreka burututako zortzi tailer daude, Ekoalderen digitalizazio prozesua edota zenbait ekimenen sentsibilizazioa, komunikazioa eta transferentzia daude.

Zuzendaritza batzordearen berritzea

Batzarrean, zuzendaritza batzordeak, elkartekideen aldetik, datozen hilabeteetarako aurkeztutako erronka eta lehentasunen gaineko konpromisoa eta babesa jaso zituen. Orain arte egindako ibilbidearen gaineko oniritzia jaso ondotik, elkartearen etorkizuneko izaeraren gaineko eztabaida lehenetsi da. Honekin batera, gainontzeko salmenta esparruetan, komertzioa, ostalaritza, partikularrak, kontsumo taldeak… jarduera egonkortzeko eta orekatzeko estrategia komertzial bat zehazteko lanetan sakontzeko asmoa azaldu zen.

Bukatzeko, Zuzendaritza Batzordea berritzea eta egun dauden hiru batzordekideei hiru nekazari gehiago gehitzea onartu zen.

Ekoalde, Nafarroako lehen sektorea egituratzeko tresna erabilgarria izaten segitu nahi du eta zentzu honetan, ekoizleekin, enpresekin eta administrazioarekin elkarlanean segitzeko apostu irmoa egiten du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun