Urrizak eta Aritz Zubiri goizuetarrak irabazi dute Sagardoaren erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 21a, 13:00

Ekainaren 20an Galarretan jokatutako finalean Larre Gain sagardotegiko ordezkariek 30-28 irabazi zieten Ansa II.a eta Aritz Juaneneari (Setien)

Urriza eta Aritz Zubiri goizuetarraren beteranotasuna nagusitu zen ekainaren 20an jokatutako Sagardoaren txapelketako finalean. Hernaniko Larre Gain sagardotegiko ordezkariek 30-28 irabazi zieten Urnietako Setien sagardotegiaren izenean aritu ziren Ansa II.a eta Aritz Juanenea gazteei, final estu baten ondotik. Galarretan jendetza bildu zen, 1.200 lagun, azken urteetako gehiena eta giro horri, kirol lehia gogorra batu zitzaion. Argazkiak: Maialen Andres

Urriza izan zen, bertze behin, aldea egin zuena eta unerik garrantzitsuenetan urduritasunei hobekien eutsi ziena. Finalak irabazten badaki eta joku serioa egin zuen, oparirik egin gabe. 18 tanto egin zituen eta bi huts bertzerik ez. Jokoaren ekimena eraman zuen, nahiz eta Juaneneak estutu zion gibeletik, partida handia egin baitzuen Saldiasko atzelariak.

Berdinketa ugariko partida izan zen, lehenbiziko erdian batez ere, hemeretzinako berdinketa bitarte. Lau tantoko aldea hartu zuten Urrizak eta Zubirik (25-21) eta bazirudien hor hautsiko zela partida, baina ez zen halakorik izan. Urdinek bizirik segitu zuten eta bi tantora hurbildu ziren, 27-25 eta 28-26. 29-26 zirela Urrizak bi huts egin eta tanto bakarrera hurbildu ziren Ansa II.a eta Juanenea, baina aurrelariak errebote bat kanpora bota eta bukatu zen partida (30-28).

Aritz Zubiri goizuetarrak bi tanto egin zituen sakez eta bi falta lehen pilotakadarekin eta piloteoan lau tanto egin zituen eta hiru pilota galdu. Ansak hamabi tanto egin zituen eta lau huts egin zituen. Atzeko koadroetan Juaneneak ongi jokatu zion Urrizari, pilota jautsiz eta hamaika tanto egin zituen piloteoan, tanto bat sakez eta bi falta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun