Asteazkenean Berara ailegatzekoa den bizikleta martxari ongietorria eginen dio Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 21a, 10:00
Baztan-Bidasoko pentsiodunek deituta atzo Beran egin zuten elkarretaratzea.

Ikasturte honetako azken elkarretaratzea egin du Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduak Beran. Irailean bueltan izanen dira berriz, baina hori baino lehen hainbat hitzordu dituzte. Horien artean, bihar, asteazkena, pentsiodunen bizikleta martxa Berara ailegatuko da eta horrekin bat egiteko deia egin dute.

«1.080 euroko gutxieneko pentsio publikoa eskatzea, pribatizazioaren aitzinean zerbitzu publikoak defendatzea eta zaintza eta etxeko lanak gizonen eta emakumeen artean partekatzea». Aldarrikapen horiei «oihartzun zabala emateko» eta «elkartasun sentsibilizazioa partekatzeko» bizikleta martxa egiten ari da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua. Eta atzo Baztan-Bidasoko pentsiodunen mugimenduak Beran egindako elkarretaratzean bizikleta martxa izan zuten gogoan. «Dagoeneko Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako zenbait herritatik pasatu dira, eta egindako harrerak eta elkartasun keinu-ekitaldiak ikusgarriak eta hunkigarriak izan dira».

Hain zuzen, bihar, asteazkena, bizikleta martxa eskualdean izanen da. «Iruñetik atera, Berriogoiti, Ultzama eta Belate gaina pasatu ondotik, Almandoztik Oronozera ailegatuko dira, Urgainen bazkaltzeko. Etapa akitzeko, Doneztebe, Sunbilla eta Etxalarko Bentatik pasatu ondotik, Berara ailegatuko dira». Hain zuzen, Baztan-Bidasoko pentsiodunek Beran eginen diote harrera bizikleta martxari: «Guri tokatuko zaigu Beran ekitaldi txukun bat antolatzea, batez ere Euskalduna bidegurutzetik Altzateko plazaraino, bertan eginen baita elkarretaratze-ongietorri ekitaldia». Gaineratu dutenez, «bazkaltzeko eta afaltzeko aukera izanen da, martxan dabiltzanekin esperientzia partekatzeko». 19:00etan Altzateko Plazan eginen dute ekitaldia.

Bide batez, hilaren 25ean Donostiara joateko deia ere egin dute. Orduan bukatuko baita pentsiodunen bizikleta martxa: 12:00etan Alderdi Ederren.

Pentsioen plana

Enplegu-pentsioen plana ere hizpide izan zuten atzo Baztan-Bidasoko pentsiodunek. «Kongresuan onartu ondotik, orain senatura eramanen dute». «Lege proiektua gaitzesten segitzen dutela» nabarmendu zuten, «pentsio plan pribatuak babesteko bidea ematen baitu. Sinaduren bilketak bere horretan segitzen du, eta lana egiten denean kongresura eramanen dira».

Gotzone Sagarduiren azken adierazpenen harira ere mintzatu ziren atzoko elkarretaratzean; «Osakidetzan 'kultura berriaz'», hain zuzen. «Ez da hanka sartze edo deskuidu bat, instituzioetan benetan egosten ari diren egitasmoa baizik». Baztan-Bidasoko pentsiodunen irudiko, «publikotasun eta zaintza duinaren alde pentsiodunak mobilizatzen ari garen bitartean, eskuinak gobernatzen dituen erakundeak zerbitzuak kaskatzen eta pribatizatzen dihardute».

Ikasturte honetako azken elkarretaratzea izan zuten atzo Beran. Baina aitzindu zutenez, «irailean berriz osatuko dugu hurrengo ikasturteko egutegia eta aldarrikapen taula». Gaineratu dutenez, «egoerak eskatzen duenez, borrokan segitu beharra dago. Animo eta pentsiodunak aitzinera!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun