Bera eta Doneztebe lehiatuko dira Herriarteko Txikien Pilota Txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 20a, 16:30

Asteburu honetan jokatu dituzte Iruñeko Labrit pilotalekuan Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako Txikien mailako finalerdiak, eta Berak eta Doneztebek eskuratu dute finalerako txartela. 

Berako pilotariak Esteribarkoen kontra lehiatu ziren, eta haurren eta seinen mailako partidak eskuratuta lortu zuten finalerako txartela. 

Haurren mailan, Goñi-Iguzkiagirre bikote beratarra 18 eta 7 nagusitu zen Esteribarko Caballeroren eta Goñiren kontra. Ondotik, kimuen mailan,  Esteribarko Villanueva-Santesteban bikotea, 18-9 nagusitu zen Berako Lazkano-Etxegarai pilotarien kontra. Hirugarren partidan, seinen kategorian erabaki zen dena. Kasu horretan ere Berako Goñi eta Korta 18-9 nagusitu ziren Esteribarko Esain-Azkuneren kontra, eta horrela, finalerako txartela eskuratu zuten. 

Doneztebeko pilotarien kasuan, aldiz, Leitza garaitu zuten hiru kategorietan. Haurretan, Doneztebeko Elizalde-Leiza bikotea aise nagusitu zen Leitzako Olaizola-Andiarena bikotearen kontra, 18-4ko markagailuarekin. Kimuetan, ere Doneztebeko Leiza-Ezkurra bikoteak aise irabazi zuen Sagastibeltza eta Ugartemendiarekin kontrako lehia, 18-5 irabazita. Seinetan, aldiz, estuagoa izan zen bi taldeen arteko lehia, baina, azkenean Doneztebeko Barbarin eta Madariaga bikoteak, 18-14 irabazi zuen Leitzako Baleztena eta Bidarten kontra. 

Bi herrien arteko finala, uztailaren 2an jokatuko dute 09:30ean hasita Iruñeko Labrit pilotalekuan. Egun berean jokatu dituzte helduen mailako finalak ere. 
 

Kasu horretan asteburu honetan dituzte jokatzekoak finalerdiak Iruñeko Labriten. Baztanek eta Barañainek jokatuko dute lehen finalerdia, eta bigarrena, aldiz, Doneztebek eta Larraun. Bi herri irabazleak sailkatuko dira finalerako. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun