Sagardoaren txapelketaren finalerako pilotak aukeratu dituzte

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 17a, 09:00
Juanenea, Ansa II.a, Zubiri eta Urriza, ezustekoak utzi zituen pilota aukeraketaren ondotik. Argazkia: Maialen Andres

Urriza eta Aritz Zubiri goizuetarra, Ansa iI.a eta Aritz Juanenea saldiastarraren kontra ariko dira astelehen gauean Galarretan

Urriza eta Aritz Zubiri goizuetarrak (Larre-gain) Ansa eta Aritz Juanenea saldiastarraren kontra (Setien) jokatuko dute Sagardoaren Txapelketako finala astelehenean Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Ostegun arratsaldean egin zuten pilota aukeraketa eta sorpresaz betea izan zela erran daiteke.

Aritz Zubiri goizuetarra harritua gelditua zen urdinek hautatutakoekin: «biziagoak hartuko zituztela uste nuen, Urriza alde batera utzi eta nire bila etortzeko». Halere, Aritz Juanenea saldiastarrak agudo eman zuen azalpena: «Urrizak eta Zubirik pilota biziak hartu dituztela ikusi dugu eta hori zen gure intentzioa ere, baina dagoeneko saskian material bizia bazegoela ikusita, motelxeagoa aukeratu dugu».

Beraz, batzuk bertzeek aukeratutakoekin harridura bai, baina ez zen inolako kexurik izan materialarekin.

Finalari dagokionez, bai Zubirik baita Juaneneak ere partida gogorra espero dute. Egia da ligaxkan gorriek erraz irabazi zutela, 30-16, baina ez dute horrelako finalik espero. Gorriek txapelketa perfektua egin dute orain arte, jokatutako sei partidak irabazita. Urdinak, berriz, behetik goiti datoz.

Bi Aritz izanen dira atzeko koadroetan, eta biak lana gogotik egiteko asmoz kantxaratuko dira. «Ni lanerako prest nago» dio goizuetarrak. Saldiaskoaren erranetan, berriz, «txapelketa osoan bezala segitzen badut, akats gutxi eginez, seinale ona izanen da».

Astelehen gauean erabakiko da txapelduna eta txapelketako partida guztiak bezala, ETBk eskainiko du ‘Erremontari’ saioan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun