Asier Calderon eta Patxi Castillo

«Burujabetzaren aldeko aldarria inoiz baino aktiboago dago»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 18a, 09:00
Asier Calderon eta Patxi Castillo, uztailaren 2an argiztatuko duten Larhun mendiaren magalean.

Uztailaren 2an Pirinioetako 300 gailur argiztatzeko erronka dute Gure Esku eta ANC elkarteek, tartean eskualdeko 31. Ekimenaren bidez, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu nahi dute

Uztailaren 2an Euskal Herria eta Katalunia lotu nahi ditu Gure Esku eta ANC Asamblea Nacional Catalana ekimenek antolatutako Pirinioetako Bideak. Helburua erabakitzeko eskubidearen alde 300 mendi argiztatzea da, autodeterminazioaren aldeko aldarria Europara eta mundura zabaldu dadin. Patxi Castillo eta Asier Calderon beratarrak buru-belarri ari dira ekimenaren antolaketan, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete. Izen ematea www.gureesku.eus helbidearen bidez egin behar da. 

Uztailaren 2an Pirinioetako ia 300 gailur argiztatuko dituzue. Nondik sortu da Pirinioetako Bidea ekimena? 

Asier Calderon: 2019an hasi ginen antolatzen. Katalunian gailur batzuk argiztatu zituzten eta ondotik, modu inprobisatuan Euskal Herrian gailur batzuk argiztatu ziren. Aiako Harria egin zen lehenengo, eta gero Euskal Herrian mendi pila argiztatu ziren, tartean Larhun ere bai. Horren ondotik, lagun batzuen artean sortu zen Pirinioak Katalanekin  elkarlanean eta modu erraldoian argiztatzeko ekimena.

Zer da ekimenaren bidez aldarrikatu nahi duzuena?

Patxi Castillo: Bi herriren arteko elkarlana. Nazioarteko ikuspegia eman nahi diogu. Pirinioak muga bezala kontsideratu izan dira, eta guk mendiak muga beharrean, lotura bihurtu nahi dugu. Helburua gure aldarrikapenak, bai euskaldunenak zein katalanenak, Europara begira eta nazioartera zabaltzea da, Pirinioak erakusleiho izatea

«Ekimenean parte hartzeko izena eman behar da»

Zein da lortu nahi den irudia?

P.C: Gure aitzinetik,  munduan eta Europako hainbat lurraldetan nazio gatazka badago: Eskoziako galdeketa sortzeko erreferenduma, Ipar Irlandako afera... Baina, ikusi dugu gure aldarrikapenak ez direla maiz modu berean aditzen. Haien parean jarri nahi dugu haien helburu bera dugulako: erreferendum bidez gure etorkizuna erabakitzeko ahalmena izatea. Ikus dadila badagoela subiranotasunaren aldeko mugimendu zabal bat Europan mailan. 

Euskaldunek 115 gailur argiztatuko dituzue, eta eskualdean dira horietako 31. Erronka handia da. Nola beteko duzue? 

A.C: Horrek ez du erran nahi eskualdean dauden 31 mendi horiek eskualdeko herritarrek bete behar dituztenik. Euskal Herrian eremu horretan sartzen ez diren bertze herrialdeetako herritarrak ere etorriko dira. Aukera dago nahi duenak nahi duen gunean izena emateko, baina, herri bakoitzak bere erreferentziazko mendia izanen du. Larhunen erraterako beratarrak egonen dira, baina, baita lapurtarrak, eta Gipuzkoako hainbat herritako herritarrak ere. 

 

Aiako Harria argiztatu zuten herritar batzuek 2019an.

Larhun aipatu duzu, bertan elkartuko dira Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko herritarrak. Berezia izango da?

A.C: Berezia izango da bai. Pirinioak muga geografiko gisa saldu izan dira, baina, oraingoan lotura izango dira. Larhunekin neurri txikiagoan gauza bera gertatzen da. Muga artifiziala da, eta lotura izango da egun horretan. Egia erran denek daukagu burutan zer argazki atera zen Larhun argiztatu zenean, eta nik uste dut hori gaindituko dela. Hura kristorena izan bazen, erraldoia izango da orain etorriko dena. 

Bi kategoriatan banatu dituzue mendiak, gorriak eta berdeak. Zein ezaugarri ditu kolore bakoitzak?

P.C: Berdeak dira mendirik errazenak, alpinista edo mendizale porrokatua ez den horrek egiteko modukoak. Mendi horiek edozeinek igotzen ahal dituenak dira. Mendi Gorriak, gehienak Pirinio Zentralean daude,  nahiz eta hemen Aiako Harria gorritzat hartu den. Horiek mendizale trebatuentzako dira. Izena emateko bertze modu bat dago, eta  horiekin bertze harreman mota bat lantzen da antolakuntza aldetik ere. Zailtasun handiagoko mendiak dira. 

«Helburua gure aldarrikapenak nazioartera zabaltzea da»

Gorrietan ezin du, beraz, edozeinek parte hartu. 

A.C: Mendi gorri horiek jende kopuruan mugatuak daude. Baldintza batzuk ere bete behar dira: federatua egon behar da, edota bertzela asegurua ordaindu eta material zehatza behar da. Mendi horietako batzuetan goian egin beharko da lo, jaitsiera luzea izanen delako. Segurtasuna izan behar da irizpide nagusia. Donostian koordinazio gune zentrala ezarriko da, eta dena ongi kontrolatuko da. Eguna ziur aski uztailaren 3ko goizean bukatuko da guretzat, bermatzen denean mundu guztia etxera ongi ailegatu dela.

Nola egin behar da izen ematea? 

P.C: Mendi gorri zein berdeetarako izena eman behar da. Berdeei dagokionez, herri bakoitzak erreferentziazko mendi bat izanen du, baina, hala ere herria eta mendia aukeratu eta bertan parte hartzen ahal da. Federatuta dagoenak ez du segurua ordaindu beharrik, eta federatuta ez dagoenak aukera du asegurua hartzeko. Horrez gain, kuota txiki bat ordaindu behar da.  Izen ematea egitea komeni da. Ziur azken momentuan etorriko dela jende dezente ez zekiena izena eman behar zenik, eta horiek ere noski parte hartzen ahal dute. 

Nola doa orain arte izen ematea?

A.C: Mendi gorri aunitz itxita daude dagoeneko, beharbada xarmarik gehien dutenak direlako. Bertze mendietan, oraindik ere gauzak lotzeko daude. Ziur aski hitzorduak eginen dira mendira elkarrekin joateko, eta horiek lotzen ari gara. 

22:00etan argiztatuko dituzue gailurrak. Zer eginen da horren aitzinetik? 

A.C: Denetan masiboena Jaizkibel izanen da, hor 2.000 lagun sartzea aurreikusten da, eta bertan egonen da irisgarritasun arazoak dituztenentzako gune bat ere. Larhun, ere, adibidez masiboa izanen da herri aunitz bideratu direlako bertara. Mendi teknikoetan ezin da horrelako ekintzarik antolatu, baina, bertzelakoetan herri bakoitzak aukera izanen du igoera edo egitarau propioa antolatzeko.  

«Herri bakoitzak aukera izanen du igoera edo egitarau propioa antolatzeko»

Uztailaren 2ko ekitaldiaren aitzinetik nola ikusten duzue karrika? Zein fasetan dago gaur egun autodeterminazioaren aldeko eskaria? 

A.C: Katalunian, batez ere galdeketarekin mantentzen da neurri batean tentsioa. Borrokak aitzinera segitzen du, baina, bertze termino batzuetan.  Euskal Herrian kontuan izan behar da banaketa administratiboak ere bere eragina duela, eta erritmo desberdinak daudela. Burujabetzaren aldeko aldarrikapena inoiz baino aktiboago dago. Ikusi bertzerik ez dago Amaiuraldiak adibidez ze arrakasta izan duen, eta Nafarroa Berriz Altxak iraunkorki nola paratu duen dinamika bat 500. urteurrenaren inguruan eta nafartasun eta euskaltasunaren inguruan. Nafarroan behintzat, inoiz baino aktiboago dago hori. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldarrikapena sozialki hagitz txertatua dago, eta egunerokotasunean badago. Horrelako dinamikak ongi heldu dira, tentsio maila azalera ateratzeko. Ipar Euskal Herrian burujabetzaren alorrean sekulako borroka egin da eremu propio bat izatearen alde, urratsak eman dira, eta horrez harago bertzelako aldarrikapenekin segitzen dute, baxoa euskaraz aldarrikatuz adibidez. Hori hizkuntza kontua bada ere, burujabetzarekin zerikusia badu, eta inoiz baino gehiago aktiboago dago.  

P.C: Egia da prozesu honetan dena ez dela ekintza masiboen bidez egin, bertze ekintza eta lanketa batzuk izan dira, adibidez Hamaika Gara plataformaren eskutik sinadura bilketa egin da, horrek ere balio dezan akuilu gisa, eta instituzioei erakusteko hemen gaudela. Pandemiak eraginda mantsoago joan bada ere, mugimendua ez da gelditu eta instituzioen gain ere jarri dugu begirada. Uztaileko ekintzaren ondotik, hurrengo ikasturtean hauteskunde ziklo berri bat heldu da, eta oroitaraziko diegu instituzio eta alderdi politiko guztiei hemen gaudela eta gure ahotsa aditzeko beharra badagoela. 

«Bi fronte ditu orain espainiar estatuak irekiak,baina, ez dira bakarrak izango»

Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak iaz emandako elkarrizketa batean nabarmendu zuen Katalanekin «sintoniatik sinkroniara» igarotzeko beharra zegoela. Ekimen gehiago antolatuko dituzue batera?

P.C: Hau izango da elkarrekin antolatuko dugun lehenengo ekintza handia, baina, ziur nago ez dela azkena izango. Honek ziur balioko digula harremanak estutzeko, eta hurrengo ikasturteari begira harreman hauek mantendu, eta ekintza desberdinak egiteko. 

A.C: Sinkronia ez da lehiakortasun ikuspegi batetik sortzen, azken urteetan gure aurretik egon direnez beraien beraien parean egoteko lehia gisa. Sinkronia ulertzen dugu estatuari bi fronte paralelo irekitzeko, horrela hagitzez lorpen gehiago lortzen ahal ditugulako. 

P.C: Bi fronte dira, baina, ez dira bakarrak izango. Ez dira Pirinioetan tokatzen, baina, Galiziatik interesa adierazi dute ekintza honetan moduren batean parte hartzeko, han zerbait eginez, edo hona etorriz. Bi frente ditu orain Espainiar estatuak irekiak, baina, ez dira bakarrak izango.  

Zein antzekotasun dituzte bi prozesuek? 

A.C: Nazio askapenaren aldeko aldarrikapena. Eremu bakoitzean ibilbide desberdina dago, eta horrek modu diferentetan lur hartzen du leku bakoitzean eta lehentasun desberdinekin. 

ESKUALDEKO HERRITARREN PARTE HARTZEA

HERRIA
MENDIA
Arano
Komizko gaina
Arantza Ekaitza
Areso Atxuela
Baztan Legate
Bera Larhun eta Manttale
Bertizarana Oteitzoiana eta Mendaur
Etxalar Kokoriko
Goizueta
Komizko gaina
Igantzi
Unanu
Leitza Atxuela
Lesaka Fraingo Gurutzea
Malerreka Oteitzoiana eta Mendaur
Sara Larhun eta Xoldokogaina
Senpere Larhun eta Xoldokogaina
Urdazubi Lizartzu
Zugarramurdi Atxuri

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun