Zubiri eta Juanenea Sagardoaren Txapelketaren finalean izanen dira

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 14a, 12:30
Ansa II.ak eta Aritz Juaneneak lortu zuten finalerako lehen txartela astelehenean Galarretan. Argazkia: Maialen Andres

Saldiastarrak Ansa II.arekin, Goikoetxea V-Barrenetxea IV.ari 30-25 irabazi zien finalerdian eta goizuetarrak Urrizarekin 30-22 Segurola-Azpirozi

Sagardoaren Txapelketako finalistak ezagutu ziren atzo jokatutako finalerdietan. Ansa II.ak eta Aritz Juanenea saldiastarrak eta Urrizak eta Ariz Zubiri goizuetarrak jokatuko dute datorren astelehenean final handia. Finalerdietan, beraz, Setien eta Larre Gain nagusitu ziren Oialume Zar eta Petritegi ordezkatzen dituzten Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.ari eta Segurola-Azpirozi.

Lehenengo finalerdian Ansak eta Juaneneak 25-30 garaitu zituzten Goikoetxea V eta Barrenetxea. Beste behin, Oialume Zar finaleko atean gelditu da. Bigarren partidan Urrizak eta Zubirik 30-22 irabazi zuten Segurola eta Azpirozen kontra. Beraz, Urriza eta Ansa aurrelariak berriz ere Sagardoaren Txapelketaren finalean elkarren aurka ariko dira. Oraingoan, Juanenea saldiastarra eta Zubiri goizuetarra bikote dituztela. Iaz, Ansaren bikote zen Labaka eta Urrizak, Zalduarekin irabazi zuen txapela.

 

Juaneneak ongi eutsi zion Barrenetxeari

Finalerdiak lehiatuak izan ziren eta Galarretan giro polita jarri zuten hurbildu ziren zaletuek. Ekitaldi jendetsua izan zen atzokoa Hernaniko frontoian. 

Giro polita izan zen astelehenean Galarretan eta Malerrekatik Juanenea animatzera joandako zaleek aunitz lagundu zuten horretan.

Ansa eta Juanenea hasieratik nagusitu ziren lehenengo finalerdian, nahiz eta partidu lehiatua izan. 2-4 aurreratu ziren eta abantaila mantentzen joan ziren, 7-10era arte. Orduan bost tanto jarraian egin zituzten urdinek eta zortzi tantoko abantaila lortu zuten, 7-15. 12 eta 20ra arte mantendu zuten abantaila eta orduan etorri zen gorrien erreakzioa. Hiru tantora hurbildu ziren 20-23, baina ez zen haratago joan. Ansak eta Juaneneak abantaila handitu zuten sei tantora, 23-29 eta partidua itxi zuten 25-30. 

Tanto oso gogorrak jokatu ziren eta partida ikusgarria izan zen. Ansa izan zen zenbaki hoberenak egin zituen pilotaria 18 tanto eta hiru akatsekin. Nagusi izan zen aurrelarien lehian eta ederki aritu zen. Goikoetxeak zazpi tanto eta hiru akats egin zituen. Atzelarien lehian Barrenetxeak ere partida ona egin zuen 14 tanto eta bi akatsekin, baina Juaneneak ongi heldu zuen eta ez zuen ia akatsik egin. Zazpi tanto eta akats bakarra egin zituen. 

 

Zubiri finalerdietako onena

Bigarren partida ere gogorra izan zen eta gorriek, Urrizak eta Zubirik partida azken tantoetan erabaki zuten. Urdinak ongi hasi zuten partida, aurretik, 2-4, eta pare-parean joan ziren. Gorriek lauzpabortz tantoko aldeak lortu zituzten 12-8 eta 19-14, baina urdinek, Segurolak kolpearekin eta errematean min handia eginez, 21-20 jarri ziren. 

Urriza eta Zubiri ere finalean izanen dira. Goizuetarra izan zen finalerdietako erremontistarik onena.

Hala ere, ez zuten lortu partida berdintzea eta gorriek azken txanpa hobea egin zuten. Zubirik bere esperientzia jarri zuen kantxan eta Azpiroz gainditzea lortu zuen. Goizuetarraren partida nabarmentzeko izan zen. Aldea sei tantora igo zuten eta partida erabaki zuten, 26-20. Nekea nabaritu zuten urdinek eta 22an geratu ziren. Zubiri izan zen finalerdietako erremontistarik onena 11 tanto eta akats bakarrarekin. Urrizak 13 tanto eta bi akats egin zituen. Urdinetan Segurola nabarmendu zen eta Urrizaren pare izan zen 14 tanto eta 4 akatsekin. Azpirozek bost tanto eta bi akats egin zituen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun