Euskal Herriko disc dolf txapeldun suertatu da Oier Erkizia doneztebarra 18 urtez beheitiko kategorian

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 14a, 08:00
Oier Erkizia Euskal Herriko txapeldun izan da 18 urtez beheitiko kategorian eta IƱaki Gonzalez eta Mikel Ibarrola taldekideak bigarren eta hirugarren 50 urtez goitikoetan.

Iñaki Gonzalez eta Mikel Ibarrola Baxi Basajauna taldekideak ere beterano mailako podiumera igo dira larunbatean Sestao-Portugaleten

Euskal Herriko II. disc golf txapelketan parte hartu dute Baxi Basajauna taldeko hiru kirolarik larunbatean Bizkaian, Sestao-Portugaleteko Ondejedas-Rivas zelai berrian (bitxikeri moduan, hamar saski Sestaon eta zortzi saski Portugaleten ditu) eta emaitza bikainekin bueltatu dira. Eskarmentu gehien dutenak Iñaki Gonzalez Olaizola eta Doneztebeko Mikel Ibarrola dira eta biek podiumera igo ziren, 50 urtez goitikoen kategorian (MP+50): Gonzalez bigarren izan zen eta Ibarrola hirugarren, Sean Young bilbotarraren gibeletik. Halere, ustekaberik handiena Doneztebeko Oier Erkizia Amorosek eman zuen. Lehen parte-hartzea zuen konpetizioan hemezortzi saskiko zelai batean eta bikain ibili zen. Horren erakusgarri, bera da Euskal Herriko txapeldun berria 18 urtez beheitiko kategorian.

Oier Erkizia, Euskal Herriko txapeldun.

Beñat Lopez bilbotarra gibelean utzi zuen MJ18 kategorian. Aipatzekoa da Euskal Herriko txapeldun guztiak, Oier Erkizia izan ezik, Bilbao DG Clubekoak zirela. Emakumeen FPO mailan Vilja Hulden, aitzineratuek MA1 kategorian Aidan Young, MP+40 beteranoetan Hal Matter eta MP+50 kategorian Sean Young.

Kategoria guztietako Euskal Herriko txapeldunak, eskuinean Oier Erkizia.

 

Mendaur eta Toki-Onako ikasleekin topaketa igandean Irrisarrin

Disc golf kirola ezagutzera emateko helburuarekin, Doneztebeko Mendaur eta Berako Toki-Ona institutuetan kirol hau landu dute azken hilabeteetan. Ikasgelan landutakoa Igantziko Irrisarri Landeko zelaian plazaratzeko aukera izan zuten igandean, bertan bildu baitziren Iñaki Gonzalez eta Josu Erkizia irakasleekin. Zelai handi batean disc golfean aritzea zer den dastatu ahal izan zuten eta bertze egun batean kirola ezagutzen segitzeko gelditu ziren.

Igandean Irrisarrin disc golfean aritu ziren ikasle eta irakasleetako batzuk.

Aipatzekoa da Doneztebeko besten barrenean ere DiscGolf txapelketa antolatu dutela uztailaren 2an, uztaileko lehen larunbat goizean Intzakardiko parkean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun