Uterga eta Arrizabalaga nagusitu dira Iruritan Nafarroako Foru Komunitatearen XVII. erremonte txapelketako lehen partidan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 13a, 11:00
Otano, Otxandorena, Agirrezabala eta Uterga, larunbatean Iruritako Aranabian partida hasi baino lehen. Gorriak nagusitu ziren.

Larunbatean Aranabian jokatutako partidan 35-20 irabazi zieten Otxandorena eta Otanori eta jaialdiko lehen partidan, Doneztebe eta Iruritako erremonte eskolako Mitxeok eta Irurregik profesionalekin aritu ziren

Euskal Jai erremonte fundazioak antolatutako Nafarroako Foru Komunitatearen XVII. Erremonte txapelketako lehen partida larunbatean jokatu zuten Iruritako Aranabian. Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak 35-20 irabazi zieten Eloy Otxandorena doneztebarrari eta Otanori.

Gorriak 4-0 irabazten hasi baziren ere, lehenbiziko zatia berdindua joan zen (4-4, 5-5, 7-7, 8-10, 9-11, 11-11, 15-11, 16-15), baina zortzi eta hutseko partzialarekin hautsi zuten partida Utergak eta Agirrezabalak (24-15). Hortik aitzinera, aldeari eutsi ez ezik, handitu ere egin zuten gorriek, 35-20 irabazi arte.

Doneztebeko erremonte eskolako Mitxeok eta Iruritako eskolako Irurregik profesionalekin jokatzeko aukera izan zuten.

Jaialdiko lehen partidan, Doneztebeko erremonte eskolako Mitxeo atzelarak eta Iruritako erremonte eskolako Irurregik profesionalekin jokatzeko aukera izan zuten. Mitxeok, Matxin III.a aitzineko kuadroetan lagun zuela, lortu zuen garaiena 30-22, Irurregi eta Garcésen kontra.

Magnaren kontrako pankarta Aranabiako atean.

 

Erdiz Bizirik Magnaren kontra

Txapelketa honetako babesle nagusia Magnesitas de Navarra S.A. enpresa da eta Erdiz Bizirik taldeak, ‘Magna kanpora!’ zioen pankarta paratu zuen Iruritako Aranabia pilotalekuaren atarian eta bere kezka eta haserrea adierazi du, «Magnak suntsitu nahi duen herrian bertan lotsagarria den zuriketa bat aitzinerat eraman nahi duelako». Erdiz Bizirik taldeak aunitzetan adierazi du «inongo disimulurik gabe, Magna saiatu izan dela eta gaur ere saiatzen dela, Baztango herritarren borondatea erosten bere propaganda zabaldu nahian». Txapelketa honetan babesle nagusi bezala agertu eta sariari enpresaren izena jartzea estrategia horren barrenean kokatu dute eta «kapitalismo suntsitzailearen ohiko zinismoarekin, alde batetik gure airea pozoitu eta gure lurrak suntsitzen dituzten bitartean bertako erabiltzaileak “babestu” egiten dituztela sinistarazi nahi digute», diote.

Erdiz Bizirik taldearen idatziaren arabera, Magna bezalako «multinazionalen agenda suntsitzailea eta inposatzailea gelditzeko herritar eta instituzio guztien ardura da. Kanpaina hauek ez dituzte bakarrik bideratzen ahal. Horretarako bidelagunak behar dituzte eta hauek ere badute iruzur hau geldiarazteko ardura. Alde batetik Nafarroako Gobernuak, antolatutako txapelketa honekin, gure lurra desjabetu eta herriak hustera bideratutako politikaren apustua berresten du. Bertze aldetik, Baztango udalari eta inguruko erabiltzaile guztiei erantzukizuna hartu dezaten eskatzen diegu. Ez da onartzen ahal gure instituzioen erabakitzeko ahalmenaren gainetik pasatu nahi duen enpresa baten bidelaguna izatea horrelako propaganda ariketa batean». Honengatik, instituzio, eragile eta herritar guztiei «Magnaren zuriketa lanetan laguntzaile izateari uko egitea eta diru zein instalazio publikoak horretarako ez erabiltzea» eskatu die Erdiz Bizirik taldeak.

Ortzirale honetan Donezteben

Ekainaren 17an, ortziralean, berriz ere eskualdean jokatuko dute txapelketa honetako bigarren jardunaldia. Zehazki, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan ariko dira Eloi Otxandorena doneztebarra eta Otano, Aimar Jabalera doneztebarra eta Barricarten kontra.

Hiru bikote hauez gain, Zeberio II.a eta Aimar Saldias, eta Matxin III.a eta Ion ari dira txapelketa honetako final laurdenetako ligaxkan. Ekainaren 26an Lekunberrin, uztailaren 2an Garesen, uztailaren 22an Irurtzunen, uztailaren 23an Vianan, uztailaren 24an Elizondon, uztailaren 29an Tafallan, uztailaren 30ean erabaki gabeko lekuan eta abuztuaren 7an Fustiñanan jokatuko dituzte final laurdenetako bertze norgehiagokak. Lau bikote onenek finalerdiak jokatuko dituzte abuztuaren 11n Agoitzen eta abuztuaren 20an Ilunberrin eta irabazleek finala abuztuaren 28an Zubirin.

Aipatzekoa da jaialdi guztietara sartzeko 5 euro eskatuko direla sarreran eta dena oso-osorik ADANO elkartera bideratuko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun