Arcelor Mittaleko lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzea eskatu du LAB sindikatuak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 10a, 14:00
Lesaka, Legasa, Sestao, Bergara eta Olaberriako lantegietako LABeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur.

Arcelor Mittaleko Lesaka, Legasa, Sestao, Bergara eta Olaberriako lantegietako LABeko ordezkariek agerraldia egin dute gaur eta salatu dute, «berriro ere, estatu mailako hainbat lantegien lan baldintzak ezartzen dituen akordio markoa negoziatzen ari dela enpresa, oraingoan inposizioan beste pausu bat emanez».

LAB sindikatuaren urtez, «Arcelor Mittaleko zuzendaritzak eta sindikatu estatalek, Euskal Herriko errealitate sindikalari entzun gor egin diote beste behin ere. Oraingoan estatalizazio estrategian beste pausu bat eman dute eta Olaberria eta Bergarako lantegiak akordio markoan sartzea inposatu dute, bertako komiteekin inongo kontsultarik egin gabe». Hauek, ordea,  beraien gehiengoaren kontrakotasuna garbi adierazi dute egindako ez ohiko komite bileretan.

LAB sindikatuak urteetan salatu duen moduan, «estatu mailako akordio marko horretan, Euskal Herriko gehiengo sindikala guztiz desegina gelditzen da eta bertan “adosten” dena, Euskal Herriko lantegietan izugarrizko eragina baldin badu ere, ez du inondik inora bertako errealitatea kontuan hartzen».

LABentzat kezkagarria da ere «Asturiasera begira funtzionatzen duen marko bat izatea etorkizunean gure lan baldintzak adostuko dituena, horren emaitzaren adibide garbiak baititugu azken urte luze hauetan; Euskal Herrian lan postu suntsiketa basatia eta inbertsiorik ez, hau da, desagerpenaren bidea».

Orain bizi dugun garai ezegonkor honetan, «non enpresak egoera globalaren aitzakia erabiltzen ari den langileon baldintzak okertzeko (beraiek urtez urte irabazi gehiago dituzten bitartean)» inoiz baino beharrezkoagoa ikusten du LABek Euskal Herrian erabakitzeko marko bat, «gure lanpostu eta baldintzak defendatu ahal izateko».

LAB sindikatua ez dago egoera hau onartzeko prest eta «zuzendaritza eta sindikatu estatalen arteko tandem horrek aurrera jarraitzen duen neurrian gure eskuetan dagoen guztia eginen dugu beraien erabakiak baldintzatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun