Eskualdeko bi ordezkari ekainaren 18an jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 12a, 11:00
Haira Aizpurua saratarra kantari iazko finalean.

Haira Aizpurua saratarra Lapurdi ordezkatuz, eta Eki Mateorena leitzarra Nafarroa ordezkatuz ariko dira kantuan Iurretan jokatuko den finalean. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da www.bertsosarrerak.eus atarian.

Euskal Herriko zazpi lurraldetan txapelketak egin ondotik, zehaztu dute zein bertsolari gaztek kantatuko dute Iurretan ekainaren 18an  jokatuko den Esukal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalean: Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre.

Eskualdekoak dira bertsolari horietako bi: Eki Mateorena leitzarrak Nafarroa ordezkatuko du, bertako eskolartekoan bigarren postua eskuratuta, eta Haira Aizpurua saratarrak Lapurdi, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Xapelgoa irabazita. Aizpurua da, gainera, azken Euskal Herriko txapelduna. 

Aurtengo irabazleari Unai Iturriaga bertsolari ezagunak jantziko dio txapela. 

Jendaurrean aritzeko plaza eskaintzen

Urtearen hasieran ekin zitzaion Eskolartekoari: Gipuzkoan hasi zen lehenik, eta pasa berri den asteburuan Itsasun egin zen saiora arte, hainbat gazte aritu dira kantuan. Hain zuzen, hori da, bertzeak bertze, Eskolartekoaren helburua: 14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketa.

34. edizioa izango du aurtengoa Euskal Herriko Eskolartekoak. Ikastolek Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun