Ados pilota elkartearen Iruñeko sanferminetako pilota txapelketa Lesakan abiatuko da ekainaren 17an

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 10a, 13:00
Ados pilota elkarteak ortzegunean egin zuen sanferminetako pilota txapelketaren aurkezpena Labriten. Finala Iruñean jokatuko bada ere, Lesakan eta Erratzun ere jokatuko dituzte txapelketako partidak.

Final laurdenetako partiden ondotik, ekainaren 26an Eulaten eta uztailaren 1ean Erratzun jokatuko dituzte finalerdiak eta final handia uztailaren 5ean Labriten

Sanferminetako emakumeen pilota txapelketa antolatu du aurten lehen aldiz Ados pilota elkarteak. Sei bikote lehiatuko dira eta finala uztailaren 5ean Labriten jokatuko dute, ANELA elkartearen alde. Aitzinetik, final laurdenetako bi partidak Lesakan jokatuko dituzte ekainaren 17an, datorren ortziralean eta finalerdiak ekainaren 26an Eulaten eta uztailaren 1ean Erratzun.

Ekainaren 17an, ortziralean 18:30ean hasita jokatuko dituzte final laurdenetako partidak Lesakako udal pilotalekuan:

A multzoan, Arrieta eta Mendiburu, Ruiz de Infante eta Naroa Agirreren kontra ariko dira lehenik eta B multzoan, Aldaregia eta Mujika, Irantzu Iantzi beratarraren eta Osesen kontra.

Finalerdietan Etxekolonea-Ruiz de Larramendi eta Iturriaga-Orbegozo esperoan

Partida hauetako irabazleen esperoan izanen dira finalerdian bi bikote. B multzoko final laurdenetako irabazleak, Naroa Etxekolonea zubietarraren eta Ruiz de Larramendiren kontra ariko dira ekainaren 26an Eulaten eta A multzoko irabazleak, Iera Iturriaga leitzarraren eta Orbegozoren kontra uztailaren 1ean  Erratzun.

Finaleko jaialdi berezia uztailaren 5ean Labriten

Finalerdietako irabazleek uztailaren 5ean Labriten jokatuko dute finala. Emakumeez gain, pilotari profesional izandako gizonezkoen arteko pilota partida erakargarria ere izanen da jaialdian: Titin III.a eta Goñi III.a, Oinatz Bengoetxea VI.a leitzarraren eta Armendarizen kontra. Finaleko jaialdi honetan lortzen den diru guztia ANELA elkartearentzat izanen da eta sarrerak ere elkarte honen webgunean eros daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun