ESKOLA JAZARPENA

«Badakit jendea aldatzen ahal dela baina ez dut atzenduko egin zidatena»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 11a, 08:00

Zortzi bat urtez eskola jazarpenaren biktima izan zen eskualdeko herritar baten lekukotasuna bildu du Ttipi-Ttapak. Geroztik urte aunitz pasatu badira ere, oraindik «zauria» ez zaio desagertu.

«Urteak pasatu dira, baina nire barneko mina ez da desagertu; Tarteka zauria irekitzen da». Haurra eta nerabea zela, eskola jazarpenaren biktima izan zen eskualdeko herritar baten hitzak dira. Agerikoa da mina bere solasetan, begiak malko artean dituela mintzo baita orduan sufritutakoaz. Bereziki «sentitzen nuen bakardadea» da oroimenean iltzatua duena. Gaur egun «ongi» dagoela dio, «kontent» bizi dela; «baditut nire lagunak eta badut nire bizia». Baina gaiaz solasean hasi denean aitortu du espero ez zuena sentitu duela: «Ez nuen uste barrena hainbertze mugituko zitzaidanik». Gaiaz aritzea «gogorra» egin zaio, baina badu gertatutakoa kontatzeko gogoa, gertatutakoa salatzeko gogoa. Baina hori bai, anonimotasuna mantenduz, badaezpada ere, ez duelako inork, eta gutiago min egin zioten haiek, solasean ari dena bera dela jakitea nahi.  

Noiz hasi zen dena?
Ikastetxean. Hasmentan, gelako bertze batekin hasi ziren; hurrengo ikasturtean ahulenak ginen edo beraien eredukoak ez ginen bertze hiruron kontra segitu zuten, eta hurrengo ikasturtean argi gelditu zen nire kontra zeudela. Ez ninduten sekula jo, baina nirekin solastatzeari utzi zioten, ni agertzean eskapu egiten hasi ziren… Gertatutako egoera batzuez oroitzen naiz. Ikastetxeko kanpaldi batean, adibidez, lehendabiziko egunetik bakarrik utzi ninduten, logelan aparte, txangoak egiterakoan eskapu joaten ziren, ez ninduten kontuan hartzen… Bigarren egunerako arras gaizki nengoen eta etxera deitu nuen. Gurasoei nire bila joateko erran nahi nien, baina ez zeuden etxean eta ez nuen lortu haiekin egotea. Irakasleei ere erran nien ez nengoela ongi eta etxera joan nahi nuela, baina gelaz aldatu ninduten eta horrela lasaitu nintzen. Gerora jakin nuen irakasleek ez zietela deus aipatu gurasoei. Hurrengo urtea okerragoa izan zen, aitzineko ikasturtean kanpaldian gertatu zena eguneroko martxa bihurtu zen. 

«Barnean iltzatua dudana sentitzen nuen bakardadea da»

Bakarrik sentitu zinen…
Bai, bakarrik eta arras gaizki. Barnean iltzatua dudana sentitzen nuen bakardadea da. Orduko arras oroitzapen txarrak ditut, eta eskola ondotik zuzenean etxera joaten hasi nintzen. Ez nuen bertze deus egiten: ez atera, ez jostetan ari... Gero eta liburu gehiago leitzen eta pelikula gehiago ikusten hasi nintzen, huraxe izan zen nire ihesbidea.

Babesa non aurkitu zenuen?
Gurasoekin. Aunitz lagundu zidaten eta ahal zuten guztia egin zuten ni horrela ez sentitzeko. Aitortu behar dut hasmentan ez niela deus erran nahi izan, alde batetik, ez nituelako kezkatu nahi, eta bertzetik, ez nuelako bertze haurren gurasoei deus erratea nahi. Baina sufrimendua jasanezina bihurtu zen, barneko mina nolabait atera nahi nuen, eta kontatu behar izan nien. Zorteko sentitzen naiz gurasoak aunitz mugitu zirelako laguntzeko. Ikastetxera ere jo zuten, eta irakasleari kontatu zioten. Horren bidez, orientatzaile batekin gaia lantzen hasi ginen. Nirekin klasera joan zirenak horretaz oroituko dira. Orientatzaileak lehendabiziko egunean bat banaka klasetik atera eta galdetu zien ea bazuten niri egindako erasoen berririk. Denen baiezkoa hartu omen zuen. Baina hilabete baten buruan baja hartu zuen eta kasuak ez zuen segidarik izan. Errekreoetan klasean gelditzen hasi nintzen. Gaizki pasatuko nuela baldin banekien, zertarako aterako nintzen? Gurasoek psikologoarengana ere eraman ninduten, baina ez nuen behar bezala probestu. Momentu hartan, ez nuen nire onerako zenik ikusten eta ez nion egia guzia erraten. Batzuetan engainatu ere egiten nuen, lagunak egin nituela, asteburuetan haiekin elkartzeko erraten zidatela… Dena gezurra zen. 

Eskolan ez zenuen babesik izan?

Behar nuen arreta irakasleekin lortzen nuen, haiek behintzat solas egiten zidaten, baina klase orduetan eta klaseko kontuez. Ez ziren inoiz etorri zer gertatzen zen galdetzera, eta ni ere ez nintzen joan gertatzen zitzaidana erratera. Hain gaizki sentituta, irakasleekin solastatzeko desiratzen egoten nintzen baina ez nuen inoiz egin. Tutorea izan zen gaiaz solas egin zidan bakarra, errekreo denboran gelan gelditzen nintzela konturatu eta gero, eta gurasoak gertatzen zitzaidanaz solastatzera joan zirelako.  Beraiek [erasotzaileak] baino gehiago izan behar nuela erraten zidan, harri bat bezain gogorra izateko, ez adierazteko nire mina, ez sentitzeko. Irakasle hura aunitz miresten nuen eta horixe sinetsi eta barneratu nuen; etxean bakarrik egiten nuen negar eta harri bat izan behar nuela pentsatzen nuen. Baina aldi berean ez nuen ulertzen zergatik egiten zidaten egiten zidatena, eta min haundia sentitzen nuen. 

«Inoiz lagunak egiteko kapaz ez nintzela izanen sentitzen nuen»

Eskolan hasi zenak institutuan izan zuen segida?
Bai. Eskola akitu eta institutuan segitu zuen jazarpenak. Gogotsu hartu nuen instituturako pausoa, ateak zabaldu zitzaizkidan, eta bereziki ilusio haundia egiten zidan bertze herri batzuetako lagunak egiten ahal nituela pentsatzeak. Aldi berean, beldurra ere sentitzen nuen, institutuan ere lagunik egiten ez banuen nire errua izaten ahal zela pentsatzen nuelako. Inoiz lagunak egiteko kapaz izanen ez nintzenaren sentimendua arras barneratua nuen. Institutuan, hasmentan, betiko ‘lagunen’ [eskuekin komatxoen keinua egin du] gibeletik ibiltzen nintzen, maleta bat bezala. Ez zidaten solasik egiten, ez zidaten aurpegira begiratzen, eta hala ere, ni haien gibeletik ibiltzen nintzen. Bertze herrietako jendea ezagutzen saiatu nintzen, baina haiek ere ongi moldatzen ziren betiko ‘lagunekin’, eta ez ikusiarena egiten eta kasurik ez egiten hasi ziren… Halaxe pasatu nuen ia ikasturte osoa, klasera joanez baina inorekin solastatu gabe. Lasaitzeko idazten aritzen nintzen, eta behin nik idatzitakoa haietako batek leitu zuenean, izugarria izan zen. Negarrez utzi ninduen, lur jota. Ez nuen deus txarrik idatzi, nola sentitzen nintzen baino ez… Arras kolpe gogorra izan zen. Negar eta negar gelditu nintzen, eta egun hura desastre hutsa izan zen. Etxera lasterka joan eta ez nintzela gehiago etxetik aterako erran nien gurasoei. Baina noski, institutura joanez segitu nuen. Hala ere, handik aitzinera ez nintzen gehiago hurbildu haiengana. Ordura arte bakarrik egon beharrean beraien ondotik ibiltzen nintzen, baina hura ere akitu zen. Iskin batean bakarrik gelditzen nintzen. 

Zer gertatu zen horren ondotik?
Uda hartan aste batzuetarako kanpora joan nintzen ikastera eta izugarria izan zen. Lagunak egin nituen eta lagunak egiteko gai nintzela ikusi nuen. Edozeinendako ergelkeria bat izaten ahal da baina niretako arras inportantea izan zen. Orduantxe zabaldu nuen orduko sare sozialik erabilienean kontua, egin berri nituen lagunekin harremanetan segitzeko. Ordura arte ez nuen konturik. Seguru nago izan banu, hori ere eraso egiteko probestu izanen zutela. Eta ez hori bakarrik; lagunik gabe zertarako nahi  nuen sare sozial bat? Udako gainerako oporrak familiarekin pasatu nituen, baina uda bukaera aldera, krisialdi bat izan nuen, ez nuelako institutura bueltatu nahi. Hain uda ona pasatu ondotik, berriz sufrituko nuela pentsatzeak min egiten zidan. Onartu behar dut eskolan isilik egoten nintzela, baina etxean gurasoei aunitz sufriarazi diedala, aunitz oihukatu diedala… Uda hartan ere hala izan zen. Hutsetik hasi nahi nuen, bertze institutu batera joan, baina nire gurasoek betiko institutura joan eta solastatzea erabaki zuten. Institutukoen erantzuna harrigarria izan zen: bullynga sobera hitz fuertea zela erantzun zieten, eta adinagatik gaiarekin behar baino kezkatuagoak zeudela erran zieten. Institutuan ez zuten deus egin, eta bazekiten zer gertatzen zen. Normalean isilik gelditzen saiatzen diren horietakoa nintzen, ahal bazen desagertzen saiatzen nintzen, inork ez ziezadan ez ikusi, ez ukitu eta ez deus erran. Baina egun batean ezinaren ezinez, egoerak gain hartu eta kristorena sortu nuen. Horregatik diot bazekitela gaizki nengoela, baina ez zuten deus egin. Orientatzailea ez zen sekula etorri niregana. Gure adinekoen taldeak berriz nahastea izan zen egin zuten bakarra, eta zorionez, jende berria ezagutzeko aukera izan nuen. Beldur nintzen haiek ere bakarrik utziko ote ninduten, baina ez zen halakorik gertatu.

«Aunitzetan aditu nuen haurren kontuak zirela, eta horrek ez du laguntzen»


Deus ez egiteak konplize bihurtzen dituela uste duzu?
Ez dakit… Baina ematen zuen ez zela deus pasatzen. Gisa horretara, indar guztia kentzen dizute, beti kexatzen ari zarela eta zure fantasia bat baino ez dela sentiarazten dizute. Ez dakit benetan kontziente diren egiten dutenarekin. Aunitzetan aditu nuen haurren kontuak zirela, eta horrek ere ez du laguntzen. Zergatik nengoen horrela? Horrek bazuen zergatia. 

Lagunak egin zenituela aipatu duzu… Hobeki sentitu zinen?
Bai, handik aitzinera egunerakoa ez zen tortura izan. Pixkanaka neure buruarengan konfiantza izaten hasi nintzen. Ez nituen urrun hainbertze min egin zidatenak, nahiz eta ordurako ez nengoen beraien buruetan, ezta min egiteko ere. Baina han zeudela eta zeinen gaizki pasatu nuen oroitzeko nahikoak ziren. Presio eta tentsio handia sentitzen nuen niregandik hurbil baldin baziren, zerbait errateko beldurrez egoten nintzen, zerbait aurpegiratuko zidaten edo irri eginen zidaten beldurrez. Ikusten nituen aldiro mina sentitzen nuen, baina banituen bertze lagunak, eta haiekin arras kontent egoten nintzen eta aitzinera segitzeko erraten nion neure buruari. Egiazko askatasuna unibertsitatera joaterakoan sentitu nuen. Horixe zen nire betiko ametsa, urrutira joatea. Nire herria maite dut, baina momentu hartan, kartzela zen. Bertze norabait joan behar nuen nor nintzen jakiteko. Beti nahi izan dut nire herrian naizen bezalakoa izan, baina beldurra hor gelditu zait.



Ikerketek diote ikasleak zenbat eta tratu txar gehiago jasan, orduan eta ttikiagoa dela eskola emaitzen errendimendua. Zure kasuan eraginik izan zuen?
Bai, nahi baino gehiago luzatu ziren ikasketak… Ez diet beraiei bota nahi errua, baina gerora izan ditudan arazo batzuk gestionatzeko ezintasunak gertatu zenarekin lotura zuzena du.

Gainditu duzula erraten ahal da?
Minak hor segitzen du. Urteak pasatu dira baina oraindik ere tarteka zauria irekitzen da. Gertatutakoa nire parte da eta hala segituko du. Horrelako zerbaitek indartsuago egiten zaituela erranen dute, baina ezta pentsatu ere, ni bederen ez nau indartsuago egin. Lur jota utzi ninduten, autoestimurik gabe, zenbaitetan desagertzeko gogoz. Gainera, momentu hartan ez nuen indartsuagoa izan behar, nik haur bat izan behar nuen eta listo. Baina tira, orain baditut lagunak, badut kuadrilla eta bederen alde soziala ongi dut, arazoa ni ez naizela ikusi dut.

Eta alde emozionala?
Oraindik lantzen ari naiz. Bertze psikologo batekin nabil...

«Zorteko sentitzen naiz urte batzuen buruan batzuek barkamena eskatu zidatelako»

Gaur egun baduzu harremanik haiekin?
Nire lagunen lagunak izaten segitzen dute, baina nireak ez. Ikusten baditut agurtuko ditut, eta nire lagunengana etortzen badira, ez diet zakar eginen, eta ez dut errabiarik sentitzen. Egoera batzuk kudeatzen ikastea lortu dut. Badakit jendea aldatzen ahal dela eta ez direla orduko pertsonak, baina ez dut atzenduko inoiz zer egin zidaten. Zorteko sentitzen naiz urte batzuen buruan batzuek barkamena eskatu zidatelako. Gisa horretara, baieztatu ahal izan nuen egin zidatena egiazkoa zela eta bazekitela min egin zidatela. Niretako arras garrantzitsua izan zen aditu nahi nuen guztia aditzea, nahiz eta aurpegira bakarrak eskatu zidan barkamena. Espero dut egiatan konturatu izanen zirela zer min egin zidaten, eta espero dut ez dutela errepikatuko. Beraien laguna, ordea, ez naiz inoiz izanen; ez gorroto ditudalako, baizik eta ez nintzatekeelako haietaz fidatuko. Erasoak aspaldi akitu ziren, baina presioak hor segitzen du. Eta nire izaeran ere eragin du. Ni herrian pertsona bat naiz, eta hemendik kanpo arras bertzelakoa. 

«Gustura galdetuko nieke zergatik egin zuten egin zutena»


Zerbait erran nahiko zenieke?
Gauza aunitz, eta batez ere gustura galdetuko nieke zergatik egin zuten egin zutena. Baina ez dut aukerarik izanen. 

Zein aholku emanen zenioke halako egoeran dagoen gaztetxo bati?
Erraten duten guztia teoria da. Gaiari buruz aunitzetan leitu dut ez dela isildu behar, gertatzen dena kontatu behar dela. Baina zer egin behar duzu kontatu eta ez badizute kasu zipitzik egiten? Gurasoen aldetik ez nuen hori sentitu, baina inguruko gainerakoek ez zidaten batere kasurik egin. Ez dut hitzik horrelako egoeran dagoen gaztetxo batendako. Halako egoera batean dagoela jakinen banu, ez nuke hitzekin animatuko; zerbait eginen nuke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun