Turismoko 'Bestelako Aztarna' dokumentalak Nafarroan zehar inoizko bidaiarik jasangarriena erakusten du

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 9a, 15:00

Irujo kontseilariak gaur Bertizen Bestelako Turismoa kanpainaren sei kapituluko telesail hau aurkeztu du, bertan lau influencer ezagun dira protagonista

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Bestelako Turismoa kanpaina aurkeztu du gaur goizean Bertizko Jaurerrian, eta sei kapituluko dokumentu-sail baten bidez egin du, Bestelako Aztarna izenekoa.

Telesaila www.laotrahuella.eswww.bestelakoaztarna.eus helbidean ikus daiteke. Dokumentalak Nafarroa zeharkatzeko erronka planteatzen du, karbono-aztarna minimoa utziz, eta helburua Nafarroa Europako helmuga jasangarrienetako bat izatea da.

Ortzegun goizean egin dute dokumentalaren aurkezpena Bertizen. Mikel Irujo kontseilaria bertan izan da.

Kanpainaren eta dokumentalaren aurkezpenean, Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilari Mikel Irujok adierazi duenez, «jasangarritasuna da Nafarroako eskaintza turistikoaren indargunea, horixe baita gure bisitari potentzialek gehien baloratzen dutena. Mundua aldatu egin da, bidaiatzeko eta bizitzeko modua ere aldatu egin da, eta helmugetan eboluzionatu egin behar dugu, eta turistei eta egoiliarrei beste aukera bat eskaini».

Maitena Ezkutari Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak adierazi duenez, «gero eta jende gehiago dago prest modu jasangarriagoan eta errespetuz bidaiatzeko. Bidaiatzeko modu berri horiek goranzko joera dira. Nola mugitzen garen, non hartzen dugun ostatu, zer jaten dugun eta uzten dugun arrastoak gero eta jende gehiagori inporta zaio».

Kanpaina honen bidez erakutsi nahi izan da modu jasangarriagoan bidaiatzea bateragarria dela dibertsioarekin eta plazerarekin, eskaintza turistiko desberdinei uko egin gabe.

 

Bidaiaren karbono aztarna 389 kilotan murriztu

Horregatik proposatu zen historiako bidaiarik iraunkorrena sustatzeko erronka, Nafarroa osoan zehar bidaiatzea, paisaiez, gastronomiaz, kulturaz eta jarduerez gozatuz, baina ahalik eta karbono-aztarna txikiena utziz. Erronkaren protagonista lau influencer ezagun dira: Jon Kareaga, Verónica Boved, Fabián León eta Stefi Troguet. Erronka onartu eta apirilaren 25etik 30era egin zuten bidaia sei ataleko dokumental batean bildu dute. Tuterarik Uxuera: barazkiak, 0 km eta xarma duten herriak. Lizarratik Urbasa: Urbasaren magia deskubrituz eta Donejakue Bidea. Sakanatik Plazaolara: bizikletak, leizeak, natura eta artisautza. Baztandik Amaiurrera: lorategi botanikoak, herriak eta bertze abenturak. Iruñetik Burgira: pintxoak eta bertze besta gastrokulturalak. Denera 635 kilometroko ibilbidea, ohiko moduan eginez gero 1.137 kilo CO2 sortuko zuena, baina bidaiatzeko bertze modu batzuk erabilita, 389 kilo guttiago sortu duena. Bidaia bukatutakoan bortz zuhaitz landatu zituzten.

Dokumentaleko irudiak hartu dituzte Nafarroako hainbat lekutan. Eskualdean, Plazaolako bide berdean, Leitzan, Baztan Abentura Parken, Amaiurren eta Bertizko jaurerrian izan dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun