Eki Mateorenak eta Haira Aizpuruak kantatuko dute larunbatean Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 15a, 10:00
Haira Aizpurua saratarra kantari iazko finalean.

Larunbatean, ekainaren 18an Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian izango da saioa 11:30etik aurrera, eta amaitutakoan mokadua eskainiko da. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da www.bertsosarrerak.eus atarian.

Euskal Herriko zazpi lurraldetan txapelketak egin ondotik, zehaztu dute zein bertsolari gaztek kantatuko dute Iurretan larunbatean jokatuko den Esukal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalean: Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre.

Horien artean bi dira eskualdekoak. Eki Mateorena leitzarrak ordezkatuko du Nafarroa, bertako eskolartekoan bigarren postua eskuratuta, eta Haira Aizpurua saratarrak Lapurdi, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Xapelgoa irabazita. Aizpurua da, gainera, azken Euskal Herriko txapelduna. 

Aurtengo irabazleari Unai Iturriaga bertsolari ezagunak jantziko dio txapela. 

Jendaurrean aritzeko plaza eskaintzen

Urtearen hasieran ekin zitzaion Eskolartekoari: Gipuzkoan hasi zen lehenik, eta pasa berri den asteburuan Itsasun egin zen saiora arte, hainbat gazte aritu dira kantuan. Hain zuzen, hori da, bertzeak bertze, Eskolartekoaren helburua: 14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketa.

34. edizioa izango du aurtengoa Euskal Herriko Eskolartekoak. Ikastolek Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun