Sindikatuek oroitarazi dutenez, joan den urteko maiatzean lau sindikatuek proposamen bateratua aurkeztu zieten Nafarroako patronalei eta gobernuari, «Nafarroan hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena sinatzeko». Hitzarmen horrek «Nafarroako 70 egoitza baino gehiagotako 4.500 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko» balioko lukeela diote, eta besteak beste, «kalitatezko kontratazioak, segurtasun eta lan osasun neurri eraginkorrak, putre funtsak eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea» eskatu zituzten.
Baina «patronalek negoziazioan egiten ari diren aurrerapausoak blokeatzen segitzen» dutela diote sindikatuek, eta horregatik erabaki dute mobilizazioekin segitzea, «lan baldintza duinak lortu eta mendekotasunari arreta emateko eredua aldatu arte». Horren harira, «patronalen interes ekonomikoen gainetik artatutako pertsonen eta arreta ematen dieten langileen interesak jarri behar direla» aldarrikatu dute.
Administrazioari ere luzatu diote mezua: «Diru publikoarekin sostengatzen den sektorea da, eta beraz, administrazio publikoek kalitatezko zerbitzuak emateko erantzukizuna hartu behar dute beren gain».
Ortzeguneko greba deialdiaren baitan, 11:00etan elkarretaratze zaratatsua eginen dute Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen Departamentuaren aitzinean, eta 15:15ean bertze elkarretaratzea Lan Auzitegiaren aitzinean, Hitzarmenaren Negoziazio Mahaiaren bileraren aitzinetik.