Gasak merkatu librean duen prezioa tarifa arautuaren bikoitza baino gehiago dela ohartarazi du Irache kontsumitzaileen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 4a, 11:30

Etxean erabiltzen den gas naturalaren kilowatt-orduaren prezioa araututako tarifarena baino bi aldiz handiagoa da merkatu librean. Hala erakusten du Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak egindako azterlan batek, bost enpresa nagusietako gas-eskaintzak Administrazioak araututako tarifaren prezioarekin alderatu ondotik.

Kontsumitzaileen elkarte honek jakitera eman duenez, azkeneko hilabeteotan ehunka pertsona joan eurengana gasaren ordainagiria izugarri igo dietelako. Diotenez, kasu batzuetan bikoiztu egin da ordainagirien zenbatekoa.

0,049 euro ordaintzetik 0,144 euro kilowatt orduko ordaintzera

Irache kontsumitzaileen elkarteak ohartarazi duenez, merkatu librearen batez besteko prezioa 0,1343 eurokoa da, eta tarifa arautuak 0,0497 euroko kostua du. Beraz, gas-berogailurik ez duten etxeetan, araututako tarifaren kostu aldakorraren eta tarifa librearen kostu finkoaren arteko aldea %151koa izan daiteke, eta gas-berogailua edo kontsumo handixeagoa duten etxeetan, %170koa.
 
Komeni da argitzea gas naturala metro kubikoka kontsumitzen bada ere, konbertsio faktore baten bidez fakturatu ahal izateko zenbat kilowatt orduko dagokion kalkulatzen dela.
 

Araututako prezioa hiruhileko bakoitzean eguneratzen da

Merkatu libreko tarifetan gasaren goranzko prezioak eragin handia izan du, hein handi batean nazioarteko egoeraren ondorioz, baina Azken Baliabideko Tarifan igoera hori mugatu egin da. Prezioa hiru hilean behin eguneratzen da, eta indarrean dagoenak apirilerako, maiatzerako eta ekainerako balio du.

 

Edozein kontsumitzailek kontrata dezake TUR

Edozein kontsumitzailek kontrata dezake Azken Gas Baliabidearen Tarifa (TUR). Horretarako, erreferentziako merkaturatzaileren batekin harremanetan jartzea aski da, eta urtean 50.000 kilowatt baino gehiago ez kontsumitzea.

Tarifa libreetan, kasu eman deskontuen edo zerbitzuen baldintzekin eta egon daitezkeen permanentziekin

Tarifa libreek, bestalde, deskontuak, promozioak edo bestelako zerbitzu gehigarriak eskain ditzakete. Tarifa espezializatuagoak ere aurkezten dituzte, ordukako prezio desberdinekin edo tarifa lauekin, adibidez. Edonola ere, arretaz irakurri behar da zerbitzu horien kostua, zer eskaintzen duten, zer mugarekin edo zenbat irauten duten deskontuek eta fakturaren zein zatitan aplikatzen diren. Adi egon behar dugu, kontratuek permanentzia konpromisoak izan baititzakete; beraz, denbora hori bete gabe konpainiaz aldatu nahi badugu, baliteke zigorra jasotzea.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun