EuskarAbentura

Aurtengo EuskarAbentura espedizioak Amaiurren, Lesakan eta Zugarramurdin geldialdia eginen du

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 4a, 08:00

Uztailaren 1etik 31ra Euskal Herriko 128 gaztek euskararen lurraldea oinez zeharkatuko dute. 2005 eta 2006 urteetan sortutako gazteak izanen da eta orain arteko espediziorik jendetsua izanen da. 35tik goiti herri eta hiritik pasatuko dira, eta tartean, uztailaren 17an ailegatuko dira Lesakara. Biharamunean, Lesakatik Zugarramurdira joanen dira eta uztailaren 19an Zugarramurditik Amaiurrera.

Pandemiak 2020an eta 2021ean eragindako gorabeherak gaindituta, 2022ko EuskarAbentura espedizioak jatorrizko izaera ibiltaria berreskuratuko du aurten: 31 etapatan 700 kilometrotik goiti eginen dituzte, horietatik 500 oinez. Mauletik Getxora, zazpi euskal lurraldeak zeharkatzen dituzten Donejakue bideetan barna ibiliko dira. Tarte horretan, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren bertze aunitz ere: Orreagako Kolegiata, Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monasterioak, Gesaltza Añana, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea, Bizkaia zubia...

35tik gora herri eta hiritik pasatuko dira, eta aurten, aitzineko aldietan ez bezala, Amaiurren, Lesakan eta Zugarramurdin eginen dute geldialdia, baita Duzunaritzen (Zuberoa) eta Kortezubi eta Sukarrietan (Bizkaia) ere.

128 jzioquitar

Orain arteko espediziorik jendetsuena izanen dela iragarri dute. 128 gazte (jzioquitar) bilduko ditu 2022ko EuskarAbenturak: 20 arabar, 37 bizkaitar, 27 gipuzkoar, zazpi lapurtar, Nafarroa Garaiko 28 lagun eta Nafarroa Behereko bat. Den-denek hautaketa prozesu bat gainditu ondotik lortu dute jzioquitar izateko beka. Espedizioko kideek hartzen duten izena da jzioquitar; Jzioqui dugu guec ajutu ez dugu glosatik hartua. Espedizioa debalde izanen da eurentzat. Lan bat eta aurkezpen bideo bat igorri dituzte ezarritako epearen barrenean, eta Eusko Ikaskuntzako eta PuntuEUS Fundazioko 20 ordezkari arduratu dira lan horiek baloratzeaz. Abenturazale guztiak 2005 eta 2006 urteetan sortuak dira.

Lana prestatzeko hautagai bakoitzak hiru gairen artean bat aukeratu behar izan du:

  • Gure aisiaren espazioa: porlana vs. ingurune naturala.
  • Fast fashion vs. modu jasangarrian janzteko ereduak.
  • Zer ginen, zer gara, zer izanen gara.

Eta hainbat motatako formatuak izan dituzte aukeran: historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, musikala, plastikoa edota sormen digitala.

Kamiseta laranja jantziko duten jzioquitarrekin batera, Familia Urdina edo kamiseta urdina eramanen duten 30 heldu ibiliko dira gazteekin: koordinatzaileak, begiraleak, medikuak, erizainak, gidariak, logistika arduradunak, kamera arduradunak eta kazetariak.

Etapak
  • Uztailak 1: Gazteak hiriburuetan elkartu eta autobusez Maulera joan.
  • Uztailak 2: Maule > Pagola. 14km. Elkar ezagutzeko dinamikak.
  • Uztailak 3: Pagola > Duzunaritze. 20km. Nafarroa Beherean sartu.
  • Uztailak 4: Duzunaritze > Donibane Garazi. 11 km. Ipar Euskal Herriko hainbat jzioquitar ohien bisita.
  • Uztailak 5: Donibane Garazi > Auritz (autobusez).
  • Uztailak 6: Auritz > Orreaga > Zubiri. 19 km. Nafarroa Garaian sartzearekin, Asisko Urmenetaren bisita eta historiari buruzko solasaldia. Eta Euskarabideko ordezkarien bisita instituzionala ere bai.
  • Uztailak 7: Zubiri > Iruñea. 23km. Sanfermin berbena Nafarroa Oinezeko lagunekin.
  • Uztailak 8: Iruñea > Gares. 23 km. Errigora ekimenaren berri eta dastaketa.
  • Uztailak 9: Gares > Lizarra. 22km.
  • Uztailak 10: Lizarra > Donemiliaga Kukula. Yuso eta Suso-ko monasterioak bisitatu Errioxan (euskaraz idatzitako aurreneko glosak) > Añana (autobusez). Araban sartu eta Gesaltza Añana ezagutu.
  • Uztailak 11: Añana > Argantzun. 18km. Arabako Foru Aldundiko ordezkarien eta Añanako alkatearen bisita instituzionala.
  • Uztailak 12: Argantzun > Gasteiz. 17km.
  • Uztailak 13: Gasteiz > Araia. 18km. Bertso-rap saioa.
  • Uztailak 14: Araia > Zerain. 21 km. Gipuzkoan sartu, San Adriango kobazulotik pasatuta. Afaria Zeraingo herritarrei esker.
  • Uztailak 15: Zerain > Tolosa. 15km. Kike Amonarrizen saioa, paisaia soziolinguistikoaz.
  • Uztailak 16: Atseden eguna Tolosan. Gurasoen bisita.
  • Uztailak 17: Tolosa > Oiartzun (autobusez) Arditurriko meazuloak ezagutu > Lesaka. 22km.
  • Uztailak 18: Lesaka > Zugarramurdi. 20km. Zugarramurdiko leizea ezagutu eta sorginkeriaz ari.
  • Uztailak 19: Zugarramurdi > Amaiur. 20km. Amaiurko gazteluaren hondarrak bisitatu, eta Asisko Urmenetaren bigarren bisita: 500. mendeurrenaren inguruko solasaldia.
  • Uztailak 20: Amaiur > Bidarrai. 20km. > Baiona (trenez). Lapurdin sartu. BIZI! Elkarteko kideen bisita eta aldaketa klimatikoaz dinamikak.
  • Uztailak 21: Baiona > Urruña. 18km. Euro-eskualdeko ordezkarien bisita instituzionala.
  • Uztailak 22: Atseden eguna Urruñan.
  • Uztailak 23: Urruña > Hendaia. 20km. Txingudi Badia txalupaz Elkano Fundazioko kideekin batera > Hondarribia. Ur Tantak kontzertuaz gozatu. > Lezo (trenez).
  • Uztailak 24: Lezo > Donostia. 12km. Albaola Itsas Kultur Faktoria ezagutu.
  • Uztailak 25: Donostia > Zarautz. 24km. > Zestoa (autobusez).
  • Uztailak 26: Zestoa > Getaria (autobusez). Ekainberri leizea bisitatu.
  • Uztailak 27: Getaria > Deba. 23km. Euskal Kostaldeko Geoparkea > Kortezubi (autobusez). Bizkaian sartu eta Santimamiñe leizea bisitatu.
  • Uztailak 28: Kortezubi > Laida. 16km. > Sukarrieta (txalupaz). BBK Klimako ordezkarien bisita.
  • Uztailak 29: Sukarrieta > Gernika. 28km. Juntetxea bisitatu.
  • Uztailak 30: Gernika > Bilbo (autobusez). BBK Kuna eraikina eta San Mames futbol zelaia bisitatu.
  • Uztailak 31: Bilbo > Getxo. Itsasontziz Ezkerraldera, eta Bizkaia zubia oinez igaro. Harrera eta amaiera ekitaldia Getxoko Antzokian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun