Goizuetarrak lau ordu eta erdi pasatxoan bukatu zuen lasterketa (4.35.17) eta aranztarrak bortz ordu eta 22 minutu behar izan zituen (5.22.44). Sailkapen nagusian, 71. helmugaratu zen Lujanbio, eta bere kategorian, senior mailako gizonezkoetan, 64. izan zen. Iparragirre, berriz, sailkapen orokorrean 162. izan zen eta bere kategorian, gizonezkoen senior mailan, 115.a.
Iparragirrek bigarren aldia zuen atzokoa, 2018an egin zuen lehenbiziko aldiz, eta atzo egindako lanarekin kontent gelditu dela kontatu dio TTIPI-TTAPAri. Lujanbiok, berriz, «atzoko esperientzia bikaina» nabarmendu du. «Zegama-Aizkorrin parte hartu dudan aurreneko aldia izan da eta espero baino askoz zirraragarriagoa izan da. Nire ametsa zen lasterketa hau korritzea, eta errealitateak ametsa gainditu du».
Sailkapenak
Gizonezkoetan espero zenak irabazi zuen, eta lasterketako errekorra zortzi minutuan hobetuta, gainera. Kilian Jornetek 3.36.40ko denbora egin zuen eta katalanak hamargarren aldiz irabazi zuen lasterketa. Bere gibeletik, Davide Magnini italiarra (3:39:31) eta Manuel Merillas espainiarra (3:45:43) helmugaratu ziren.
Emakumezkoetan, Nienke Birnkman herbeheretarra izan zen bizkorrena, eta honek ere errekorra egin zuen (4.16.43). Bigarren Maude Mathys suitzarra helmugaratu zen (4.26.03) eta hirugarren Sara Alonso donostiarra (4.26.40).