Nafarroako Gobernuak Elizondo eta Doneztebe lotzen dituen bide berdea egiteko UGEPa onartu du, Bidasoko bide berdeari segida emanez, gaur egun Doneztebetik Irunera egin daitekeena. Horrela, bide berdeak osotara 55 kilometro izanen ditu Elizondotik Endarlatsara, Tren Txikitok egiten zuen ibilbidea segituz.
Orain egokituko duten tarteak 15,3 kilometro ditu eta Doneztebe, Legasa, Narbarte, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Arraioz eta Elizondotik pasako da. Bidasoko trenbide zaharra segituko du nagusiki, eta zenbait tartetan pista eta errepide lokaletatik pasatuko da.
Bideak 3,5 metroko zabalera izanen du, metro bateko arekekin. Zagor artifizialez eginen dute, malda handia eta urpetzeko arriskua duten tarteetan izan ezik, hormigoituak izanen direnak. 1.649.547,27 euroko aurrekontua aurreikusi dute, eta 165.900 euro gehiago lurrak lortzeko.
Cederna Garalurrek sustatu du proiektua, eta orain eraginen dien udalei informatzeko prozesua hasiko dute hilabete batez.