Arantzako Aterpean jokatu zen 36. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, herri horretan bertan ospatzen ari diren Nafarroako Bertso Eskolen Topaketen barrenean. Zazpi bertsolarik hartu zuten parte txapelketan, ondorengoek: Antton Ciriza Saragueta (Iruñea), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Manex Leone Baraibar (Iruñea), Olatz Bados Ganuza (Olazti) eta Xabier Elizalde Soto (Iruñea). Ainhoa Larretxeak aurkeztu du saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta aritu ziren epaile lanetan.
Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ondotik, bi bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Beñat Astiz eta Eki Mateorena. Bigarren fase horretan, zortziko handian ofizioan aritu ziren bi bertsolariak. Ondotik, kartzelako ariketan, puntu banari erantzun zioten eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu ziren, bertso bana kantatuta.
Azkenean, Beñat Astizek bildu zuen puntu gehien, eta horrenbestez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Eki Mateorenak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.
Bertsolari barañaindarrak Eneko Fernandez Bortzirietako Bertso Eskolako kidearen eskutik jaso zuen txapela. Bertze sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, Oinak buruan saria. Kasu honetan, Eki Mateorenak irabazi zuen sari hori. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman zion garaikurra.
Bertso Eskolen Egunaren barrenean
Nafarroako Bertso Eskolen Topaketen barruan ospatu da Eskolarteko Txapelketa. Nafarroako haur eta gaztetxoen Bertso Eskoletako 60 lagun inguru elkartu ziren Arantzan, eta asteburu osoko egitarauaz gozatu zuten.