Azken lau txapelak banatuko dituzte Nafarroako launakako sokatira txapelketako hondarreko jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 20a, 15:00

Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken jardunaldia jokatuko dute larunbatean Berriozarren. Argazkia: Lur Gil

Larunbat arratsaldean jokatuko dute Berriozarren

Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken jardunaldia jokatuko dute maiatzaren 21ean, larunbatean 17:00etan hasita Berriozarren. Emakumezkoen eta gizonezkoen pisu arinetako (235 eta 300 kilo) bigarren jardunaldia eta 20 urtez beheitiko eta kadete mailako hirugarren jardunaldia eta finalak jokatuko dituzte, biak 280 kiloz beheiti.

Emakumezkoen pisu arinean, joan den larunbatean Betelun jokatutako lehen jardunaldian Beti Gazte nagusitu zen tiraldi guztietan eta lesakarrak izanen dira txapela janzteko faborito. Amaiur, Antsoain, Araxes A, Araxes B, Berriozar eta Txantrea ere ariko dira. Gizonezkoetan, berriz, berdindu egin zuten lehen jardunaldian Beti Gaztek eta Berriozarrek eta hauek etxean ari direla kontuan hartuz, estuago dirudi pronostikoak. Amaiur A eta B eta Txantrea A eta B ere lehiatuko dira.

20 urtez beheitikoetan ez da eskualdeko talderik izanen, baina kadete mailan Amaiur lehiatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun