Itxasperrin (Arakil) ospatuko da igande honetan Plazaolako Bide Berdeen Eguna

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 20a, 07:00
Aurten Arakil inguruan eginen dute Plazaolako Bide Berdeen Eguna. Argazkia Leitzan egin zenekoa da.

Arakilgo udalak 2019tik 2,5 kilometro ditu Plazaolako Bide Berdea

Aurten, lehenengo aldiz, Plazaolako Partzuergo Turistikoak antolatzen duen Bide Berdeen Eguna bere ohiko eremutik aterako da eta Sakanako, eta bereziki Arakilgo leku enblematiko batean ospatuko da, Itxasperriko baselizan eta bere inguruko atseden- eta aisialdi-eremu zoragarrian.Aparteko balio historiko-monumentala duen tokia da Itxasperri, Sakanako etorkizuneko bizikleta-bidearen eta Donejakue bidearen esparruan erreferentzia-gune bihurtu nahi dena, Plazaolako Bide Berdearekin eta, hedaduraz, Eurovelo 1 Europako bizikleta-bidearekin lotura indartuz.

 

Zamartzetik eta Irurtzundik bizikletaz egiteko ibilbide gidatuak; eta oinez Irurtzundik

Ekitaldi honetan ohikoa denez (aurten hogeita bigarren edizioa izango da), bizikleta eta ibilaldiak izango dira protagonista. Baina, beste batzuetan ez bezala, hainbat arrazoirengatik, aurten, lur zatietako pistetatik eta errepide-tarteren batetik igaroko dira.

Alde batetik, abenduko euriteek oso egoera txarrean utzi zituzten bide berdeko zati batzuk, eta, hain zuzen ere, Arakil, Irurtzun eta Imotz zatiak izan ziren kaltetuenak (gogoratu behar da Turismo Zuzendaritza Nagusiak dagoeneko aurreratuta duela kalte horiek konpontzeko proiektu bat, berehala lanetan hasteko asmoan).

Bestalde, Sakanan gaudela, eta lurralde osoa zeharkatuko duen bizikleta-bide bat egiteko proiektu estrategiko bat egonda, Nafarroan erreferentzia zikloturista handia bihurtuko den lurralde honi protagonismoa eman nahi diogu.

Hala, bi dira egun horretako bizikletan edo oinez egiteko hitzorduak:

1. Zamartzeko monasteriotik (Uharte Arakil), 11:00etan, irteera gidatua bizikletaz Itxasperriraino. 12 kilometro dira, eta horretan parte hartzera animatzen diren guztiek pertsona laguntzaileak eta ibilgailu bat izango dituzte taldea itxi eta ibilbidearen segurtasuna zaintzeko. Hitzordua 11:00etan bada ere, Zamartzeko monasterioak bisita gidatu labur bat egiteko aukera ematen du 10:00etan, nahi dutenek bitxi erromaniko hau ezagutu eta gozatu dezaten.

2. Irurtzundik (5 km). Bizikletaz zein oinez abiatuko da ordu berean (11:00etan). Plazaolako Bide Berdearen ondoan dagoen autokarabana-puntutik izango da irteera. Bi kasuetan, laguntzaileak eta txirrindularien “tropela” zaintzeko ibilgailu bat egongo da. Hemen, bai, Plazaolako bidearen zati bat (2 kilometro) erabiliko da, 2020an Biaizpetik gertu irekitako tarte berrian, Ederbidea europar proiektuak finantzatuta.

Ez da beharrezkoa izena ematea, baina abiapuntuetara garaiz iristea eskatu dute.

 

Tokiko produktuen merkatua, familientzako tailerra, itxasperrin bisita eta Sakanako bizikleta-bide-raren aurkezpena

Igandea n 11:00etatik aurrera, eta goizean zehar, Plazaolako artisau-produktuak azokan izango dira, hainbat posturekin (taloa, sagardoa, gazta, eztia, pitxiak, haziak...), Itxasperrira bisita eta egonaldia bizkortzeko.

Eta, gainera, txikienek, familiarekin batera, animazio-tailer bat izango dute Tramankulu Haur Jolasak-ekin, 13:00etan. Tailer horren helburua da hainbat material birziklatzen ikastea eta gozatzea, hondakinak saihestuz, are gehiago gure bide eta bide berdeetan.

Azkenik, baselizan bertan bi jarduera interesgarri izango dira. Alde batetik, 12:00etan, bisita gi-datu bat izango da haren historia eta ondare-aberastasuna ezagutaraziz. Eta 13:30ean, Sakana Garapen Agentziaren eskutik, ‘Sakanako bizikleta-bidea’ proiektua aurkeztuko dute. Horrekin batera, ibilbidearen planoak eta proiektatutako aurkezpena izango dira.

 

Zaborra ZERO eta mugikortasun jasangarria (TxuTxu trena)

Itxasperri bereziki zaindutako eremua da eta Aralar eta Andia mendien arteko paisaia-ingurune pribilegiatua du. Horregatik, bizikletan eta oinezko ibilaldietan parte hartzeko deia egiteaz gain (bizikletaren erabilera eta ohitura osasungarriak sustatuz), jakin badakigu jende asko autoz etortzen dela eta, Itxasperri inguruan aparkatzea saihestuz, Etxarrengo gasolindegian (A-10 autobiaren 2. irteeran) edo Etxarrenen bertan aparkatzea proposatzen da. Herriko frontoitik abiatuko da trena eta zerbitzuak 11:00etatik 14:30era funtzionatuko du.

Halaber, antolatzaileek ZABORRA ZERO mezua bidali nahi dute. «Igande honetan gurekin egongo direnei zuzendutako mezua da, hondakinak utz ez ditzaten (botilatxoak, edalontziak, paperak, plastikoak, etab.) ez ibilbideetan, ezta Itxasperriren esparruan ere botata», diote. Hondakinak gordetzeko poltsatxo bat eramatea gomendatzen da beti, baina baita Sakanako Mankomunitateak jarritako edukiontziak erabiltzea ere, zaborra birziklatzeko bereizita. Hori guztia ingurunea zaintzeko eta, pixkanaka, gero eta iraunkorragoak diren ekitaldiak bultzatzeko.

Arakil, Irurtzun, Uharte-Arakil eta Irañetako udalen Sakana Garapen Agentziaren eta Sakanako Mankomunitatearen lankidetzari eta inplikazioari esker egin daiteke ekitaldi hau. Gainera, Plazaola Partzuergoak eskerrak eman nahi dizkie ibilbide gidatuetan boluntario diren bizilagunei eskuzabaltasunez laguntzeagatik eta ekitaldia ongi atera dadin laguntzeagatik ere.

«Eta, nola ez, eskertu nahi dugu Agrozumosek, Aguas Beteluk eta Lacturalek ekitaldi honetan eman diguten laguntza. Aurten ere euren produktuak eskaini dizkigute, parte-hartzaileen artean banatzeko».

Gainera, Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren laguntza eta finantzaketa izan dugu (Reyno de Navarra/Nafarroako Erresuma - www.visitnavarra.es).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun