Ariguneak areagotu nahi ditu udazkenean eginen den hirugarren Euskaraldiak

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 18a, 15:00
Euskaraz lasai aritzeko guneak sortzeko deia egin diete era guztietako entitateei Euskaraldiaren antolatzaileek.

Udazkenean eginen den Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartzeko deia egin diete era guztietako entitateei ekimenaren antolatzaileek

Euskaraz lasai aritzeko guneak sortzeko deia egin diete era guztietako entitateei Euskaraldiaren antolatzaileek. Aurtengo udazkenean eginen den ekimenaren hirugarren edizioak, berriro ere, ariguneak izanen ditu protagonista, belarriprest eta ahobiziekin batera. 2020an egindako bigarren edizioan bezala, entitateek parte hartzeko aukera izanen dute eta berauen funtzio nagusia euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea izanen da. Pandemia betean milaka entitatek ariguneak sortu ondoren, euskararentzako espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dute, aurten, Euskaraldiaren sustatzaileek. Proposamena enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei luzatu zaie, bertze behin ere.

Gaurtik aitzinera zabalik dago entitateek Euskaraldian parte hartzeko aukera. Euskaraldiko antolatzaileek eta aurreko edizioan ariguneak sortu zituzten zenbait eragilek, gaur goizean, Gasteizen egindako agerraldian aurkeztu dute entitateen izen-ematearen irekiera. Euskaraldiaren bigarren edizioan ariguneak sortu eta izena eman zuten entitateek beraien parte hartzea berretsi beharko dute ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea webgunean; lehenengoz izena emanen dutenek ere helbide bera erabili ahal izanen dute izena eman eta arigune kopurua zehazteko. Aurten izen-emate prozesua erraztu dutela azpimarratu dute antolatzaileek eta aitzinetik prozesua egin dutenek ere erraz berretsi ahal izanen dutela parte hartzea.

Ariguneek hizkuntza ohituren aldaketan eta euskarazko praktika linguistikoen areagotzean duten garrantzia azpimarratu dute Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek. Euskara erabiltzeko gune babestuak izateak erabilera errazten duela nabarmendu da aitzineko edizioetako balorazio eta ikerketetan. Horregatik, ariguneak sortu, hedatu eta identifikatzen jarraitzea lehentasuna izanen da Euskaraldian.

«Esperientzia eredugarriak»

2020an egin zen Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartu zuten entitateen artean esperientzia eredugarriak egon zirela azaldu dute ekimenaren sustatzaileek. Covid19-aren eraginez baldintzak errazak izan ez arren, hainbat erakunde, enpresa eta elkartek ariguneak sortu eta urrats garrantzitsuak eman zituzten (sei entitateren ordezkariek parte hartu dute prentsaurrekoan esperientzia horietako batzuk partekatzeko). Aurtengo edizioan esperientzia horiek eta hainbat entitatek izandako lorpenak bertze batzuentzat baliagarri izan daitezkeela azaldu dute. Ildo horretan, esperientzia horiek zabaltzeko ahalegina eginen da Euskaraldiaren koordinazio mahaitik.

Euskaraldia urrats eta lorpen ugariren gehiketa izan da aitzineko edizioetan. Hirugarren edizioan ere proposamen hori eginen zaie parte hartuko duten entitate eta herritarrei: euskararen erabilera areagotu eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko erronka konkretuak jar diezaietela beraien buruei. Erronka guzti horien baturatik gizartean aldaketa eragitea da antolatzaileen helburua, hizkuntza praktikatan eragitea.

Azkenik, Euskaraldia hemendik sei hilabetera eginen dela gogoratu du ekimenaren koordinatzaileak: 2022ko azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an bukatuko da hirugarren edizioa. Era berean, herritar norbanakoek irailaren 28tik aitzinera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izanen dutela azaldu dute.  

Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dute Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Osatek, Gaztedi Errugbi Taldea, Oreka IT, Albaitaritza SA, Medicus Mundi Bizkaia eta Mondragon Eskola Politeknikoa entitateetako ordezkariek. Agerraldian egon dira, era berean, Gasteizko alkateorde eta euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendari Lexuri Ugarte eta GEU euskara elkartea zein Gasteizko Euskaraldia batzordeko ordezkariak.    

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun